Paleolitoko grabadu baliotsuak topau ditue Lekeitioko Armintxe kobazuloan

Bizkaie! 2016-10-13 12:57   Kulturea

Orain dala 14.000 urteko irudiotan, animaliak eta marrazki abstraktuak dagoz. Iberiar peninsulako grabadu-moltso esanguratsuena izan leiteke, Bizkaiko Foru Aldundiaren arabera.

Aditu bi, Armintzako grabaduak aztertzen (argazkiak: Bizkaiko Foru Aldundia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Lekeitioko herrigunean dago Armintza kobazuloaren sarbidea. Gaur egun, zati batzuk apurtuta dagoz baina, halandabe, sarreratik 50 metro inguruko sakoneran, balio handiko grabaduak agertu dira, Paleolitokoak. Oraintsu Berriatuko Atxurra kobazuloan, Lekeitiotik kilometro gitxira, topautako grabaduen sasoikoak dira Armintxekoak, orain dala 14.000 urte ingurukoak. Santimamiñeko kobazuloko irudiak be ordukoak dira.

Lekeitioko kobazulo horretan animalien formadun 50 grabadu inguru topau ditue adituek, tartean lehoiak, zaldiak eta ahuntzak. Animalietako batzuk lehenengo aldiz topau dira Kantauri isurialdeko kobazulo baten marraztuta. Era berean, zeinu klabiformeak izeneko grabadu abstraktuagoak be agertu dira. Marrak eta forma geometrikoak dira horreen oinarria. Pirinioen iparraldeko aldean agertu izan dira holakoak eta, horrenbestez, adituek uste dabe alkartrukea egon zala Frantziako eta bertoko populazinoen artean, baina oraindino asko dago ikertzeko teoria hori baieztau arte.

Adituek grabaduen teknika parebakoa azpimarratu dabe. Kobazuloaren bolumen eta formetara egokitutako marrazkiak egin zituen Paleolitoko artistek eta, horrenbestez, efektu piktoriko harrigarria daukie. Ia-ia koadro bat ikusten gagozala emoten dau, azaldu dau Andoni Iturbe Foru Aldundiko Ondarearen arloko zerbitzuburuak. Ganera, grabadu batzuk ohikoa dana baino hobeto gorde dira. Irudi gehienak oso handiak dira, zaldi batzuen figurak metro eta erdi dira luzeran.

Cesar Gonzalez arkeologia alorreko katedradunak emon ditu azalpen teknikoenak kobazuloetako grabaduak aurkezteko Bilbon egin dan agerraldian. Paleolitoko teknikak kobazuloaren ezaugarrietara ederto egokituta dagozala azpimarratu dau Gonzalezek. Fosildutako kobazuloa danez, hormetako kareharria ezegonkorragoa da eta, beharbada horregaitik, marrazkiak zabalagoak dira. Gonzalezegaz batera, ADES espeleologia taldea eta Kortezubiko AGIRI arkeologia alkartea ibili dira Armintxeko kobazuloa aztertzen.

Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiak dinoanez, adituen arabera, Iberiar Peninsulako grabadu-moltso parebakoena eta esanguratsuena da, gizaki guztioi jagokun  altxorra. Teknikeak, irudietako figurek eta konposizinoak egiten dabe berezi Armintxeko bildumea. Ganera, grabaduak horren ondo gorde izana be aitagarria da.

Bizkaiko Foru Aldundia herrialdeko kobazulo ugari aztertzen hasi zan 2004an, Historiaurreko marrazkiak agertzeko aukerea dagoalakoan. Ekimen horrek emoitza bikainak emon ditu orain arte. Lehen, hiru kobazulotako marrazkiak baino ez ziran ezagutzen Bizkai guztian (Venta Laperra, Arenatza eta Santimamiñe). Programea hasi zanetik, kopuru hori 16ra heldu da. Esaterako, udabarrian iragarritako Atxurrako kobazuloetako grabaduak be, altxor handi modura aurkeztu ziran, izan be, animalien figura gehien daukazan kobetako bat da Euskal Herrian.

Lekeitio inguruan, hain zuzen, Paleolito sasoian gizakiaren jarduera nabarmena egon zala garbi itxi dabe azken urteotako aurkikuntzek. Oraintsu, Lumentzako kobako irudiak topau ziran eta, orain, Armintxekoen barri emon dabe. Atxurrako kobazuloa, Berriatuko lurretan dagoan arren, Lekeitiotik kilometro gitxira dago.

 

Lehoi baten irudia, adituek azpimarratuta
Ahuntzak eta zaldiak agiri dira kobazuloaren horma honetan

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu