Dario Fo Nobel sariduna hil da

Bizkaie! 2016-10-13 10:05   Kulturea

Arnasketa arazoak tarteko, 90 urtegaz hil da Milaneko ospitale batean 1997. urtean Literaturako Nobel Saria irabazi eban italiar aktore eta antzerkigilea.

Lehenengo pausuak antzerkiaren munduan emon zituan eta ezkertiar ideologiakoa izanik, satira politiko gordinak plazaratu zituan, mafiaren, agintean zan gobernuaren, kapitalismoaren zein Vaticanoaren kontra gogor ekinez. Sasoi horretako lanaik entsutetsuenak dira Muerte accidental de un anarquista (1970) eta Aquí no paga nadie (1974).

Mundu mailan ezaguna egin zan 1969ko Misterio Buffo lanagaz, Erdi Aroko kulturan zapalduak ziranak gogoan egindako lana eta protagonista nagusi barrearen bidez iraultzearen barri emoten eban malabaristea zala.

Dario Fok Arte Eder ikasketak egin zituan Miñamgo Akademian eta aurrerago RAI telebistan hasi zan aktore eta gidoilari lanetan. 1968an, barriz, Franca Rame, Massimo de Vita, Vittorio Franceschi eta Nanni Ricordigaz batera, Nuova Scena antzerki taldea sortu eban, antzerkiaren jatorria aldarrikatu eta arte adierazpide honek gizartean zituan balore eta balioak sustatzeko helburuagaz. Ibilbide luzean, 100 antzezlan baino gehiago argitaratu zituan.

Komedia munduko klasikoak, besteak beste, Aristófanes, Plauto, Molière eta Shakespeare, irakurriz etorri jakon Dario Fo jn.ari antzerkiagazko zaletasuna baina Foren benetako eredua haren bikote Franca Rame izan zan, umorearen, ironiaren zein inprobisazinoaren sekretu guztiak erakutsi eutsozalako.

1997an, barriz, Nobel Saria emon eutsien eta saria jaso osteko berbaldian, gizateriaren historian antzerkiaren munduan ibilitako guztiei eskaini eutsen, presino politiko zein bestelakoei aurre egin eta barreari eusten eta barrea eragiten emondako urteakaitik.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu