Eusko Ikaskuntzak Jean-Louis Davanti emongo deutso Manuel Lekuona saria

Bizkaie! 2016-10-10 11:29   Euskerea berbagai

Davantek euskerearen eta euskal kulturearen alde egindako lana azpimarratu dau Eusko Ikaskuntzaren epaimahaiak. 2017ko lehenengo hiruhilekoan emongo deutsie saria.

Davanten ahaleginak bat egiten dau Manuel Lekuonak euskerea eta euskal kulturea indarbarritzeko izan zituan kezkakaz, azaldu dau Eusko Ikaskuntzako epaimahaiak. Belaunaldi oso baten erreferente dala ganeratu dau. Zuberoako errealidadea argi erakutsi izan dau eta bere lana Euskal Herri guztiari eskaini deutso, katea ez daiten eten, dinoe epaimahaikoek. Besteak beste, 1960ko hamarkadan Arantzazun euskera batua sortzeko egindako ekarpena nabarmendu dabe, baita sortu dituan pastoralak be.

Manuel Lekuona saria nori emon erabagiteko orduan, hainbat bide erabili ditu Eusko Ikaskuntzak. Batetik, aitatutako epaimahaiak % 60ko pisua izan dau erabagia hartzeko bozketan. Erakunde ugaritako ordezkariek osotuten dabe epaimahai instituzional hori: Euskalerriaren Adiskideen Alkarteak, Euskaltzaindiak, Aranzadik, Labayru Fundazinoak, Jose Miguel de Barandiaran Fundazinoak, Euskal Kultur Erakundeak, Vianako Printzea erakundeak eta Eusko Ikaskuntzak berak.

Beste alde batetik, Eusko Ikaskuntzako bazkideen eretxiak % 30eko pisua izan dau saritua aukeratzeko orduan. Ganerako % 10, euskal komunidade globalaren eretxia izan da. Aurtengo sarirako egon diran hautagaien artean, behin ponderazino guztiak eginda, Jean-Louis Davant izan da boto gehien lortu dauena. 2017ko lehenengo hiruhilekoan emongo deutsie saria.

Jean-Louis Davant 1935ean jaio zan Zuberoako Ürrüstoi-Larrabile herrian. Nekazaritza ikasketak egin zituan eta horregaz lotuta, irakasle izan zan urte askoan. Algeriako gerran be ibili zan. Politikan, hainbat mobimentu abertzaletan ibilia da. Kulturearen alorrean, ostera, batetik, idazlea da. Nobelak, artikuluak, saiakerak, poesia eta abar argitaratu dau. Bestetik, pastoralak be idatzi izan ditu, azkena 2013an sohütarrek emondako René Cassin.

Euskalgintzeari jagokonez, Zuberoako euskerearen inguruko azterlan ugari plazaratu ditu eta euskera batua sortzeko batzarretan herrialde haretako ondarea ez ahazteko lan egin eban. Euskaltzain osoa da 1975etik.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu