'El hombre de las mil caras'

Karolina Almagia 2016-10-06 09:53   Zinema kritikak

Paesarena egiten dauen Eduard Fernándezen lana bikaina da eta Donostiako Zinemaldian irabazitako Zilarrezko Kontxa saria ondo merezidutakoa da.

- Zuzendaria: Alberto Rodríguez.

- Gidoia: Alberto Rodríguez, Rafael Cobos (Manuel Cerdanen Paesa: El espía de las mil caras liburuan oinarrituta).

- Musikea: Julio de la Rosa.

- Aktoreak: Eduard Fernández, José Coronado, Carlos Santos, Marta Etura, Emilio Gutiérrez Caba, Luis Callejo, Tomás del Estal, Israel Elejalde, Pedro Casablanc.

- Produktoreak: Zeta Cinema / Atresmedia Cine / Atípica Films / Sacromonte.

- Generoa: Thriller historikoa.
 
- Iraupena: 123 min.

- Herrialdea: Espainia.

- Balorazinoa: 4/5


90 hamarkadan, Guardia Zibilaren zuzendari Luis Roldanek hamaika miloe ostu eta gero, iges egin eban Francisco Paesa personaia ilunaren laguntzinoagaz. Horretan oinarritzen da Alberto Rodríguezek (La isla mínima) egin dauen filma: El hombre de las mil caras, beti epaiketearen sumarioari jarraituz.

Benetako istorio hau oso gatxa da kontetako, korapiloz eta itzulinguruz beteta dagoalako. Eta hobeto ulertzeko, zuzendariak off-eko ahotsa erabilten dau, gehiegi erabili bere. Baina bailabide hau ez da nahikoa eta batzuetan galdu egiten gara, batez be hasierako atalean.

Kontuak kontu, akats guzti horreek parkatzen deutsaguz filmari, jesarlekuan erantsita mantentzen gaitualako, denporea aurrera joan ahala. Hain da sinistezina eta liluragarria personaia horreen ibilbidea, oso hur dago historiaren zati hori eta benetan be esperpentikoa egiten jaku!
 
Ganera, erritmo bizian jazoten da dana, musika onak lagunduta, umore ikutuz beteta eta alkarrizketa oso on batzuk tarteko dirala. Paesarena egiten dauen Eduard Fernándezen lana bikaina da eta Donostiako Zinemaldian irabazitako Zilarrezko Kontxa ondo merezidutakoa da.

Irakurten nago, erantzuten dau Luis Roldanek telefonoz deitzen deutsien bakotxean, telebista ikusten dauen bitartean. Gobernu honek ez dau sekula negoziau Roldanegaz eta ez dau egingo, ziurtatzen dau beste eszena batean Barne Ministro Bellochek. Eta ikusleak, barre algaraka, negar ez egiteagaitik, guzurti horreek guztiak boterean egon diralako, eta orain dagozanak be oso desbardinak ez diralako susmoa dabelako. Estaduaren estoldea.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu