'Laban', barikutik aurrera euskeraz

Bizkaie! 2016-10-05 08:06   Zinemea

Zineuskadik sustatzen dauen Zinema Euskaraz programeari esker, datorren barikuan, urriaren 7an, Laban filma zinema-aretoetara helduko da euskeraz.

Filma bi eta sei urte arteko umeei zuzenduta dago eta zazpi minutu inguruko beste horrenbeste pasartek osotzen dabe.

Barikuko estreinaldia honako zinema-aretoetan egingo da: Antiguo Berri (Donostia), Florida (Gasteiz) eta Itaroa Zinemak (Huarte). Datozen egunetan zehazten joango dira antolatzaileak ze aretotan emongo daben filma.

Alicja Björk Jaworskik, Karin Nilssonek, Lasse Perssonek eta Por Ahlinek zuzendutako filmak Laban mamu txikiaren istorioa dau abiapuntu. Laban bere familiagaz bizi da Moringsun gazteluan. Bere aitaren antzera, ingurukoak bildurtu nahi ditu, baina saiatu arren ez dau lortzen. Labolina, bere ahiztea, oso trebea da soinuak egiten, edozein soinu imitetako gaitasuna dauka. Gazteluan erregearen familia bizi da, eta erregearen semea, Michief printzea, Rufus haren txakurragaz batera, Labanen lagun onenak dira. Protagonistea dan mamu txikiari, Labani, iluntasunak bildur handia emoten deutso.



Laban filma Pack Mágic-ek banatzen dau, 2014an sortutako eta umeentzako zinemea banatzen dauen etxeak, hain zuzen. Banatzaile honek sensibilidade estetikoaren, hezkuntza emozionalaren, balio sozialen eta kulturalen transmisinoaren alde egiten daben filmak eta ikus-entzunezko bestelako produktuak helarazoten ditu.

Pack Mágick-ek zorroztasun handiagaz hautatzen ditu filmak. Modu horretan, 2-12 urte bitarteko umeen ezaugarrietara, gaitasunetara eta sensibilidadera egokitzen dan katalogoa osotu dau. Era berean, promozino materialak sortzen ditu, txikitatik zinemeagazko jakinmina eta pasinoa pizteko asmoagaz.

Zinema Euskaraz programeak aurten diruz laguntzen dauen hamabigarren filma da Laban. Aurreko hamaikak, Zikoinak, Printze Txikia, Phantom Boy, Iparraldeko Norman, Egun handia, Oker, Tximinoen Erresuma, Zipi eta Zape eta Kapitainaren irla, K2. Zerua ukitzen, Mustang eta Albert izan ziran.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu