Urdaibai Bird Center-ek Hegaztien Mundu-Mailako Eguna ospatuko dau urriaren 2an

Bizkaie! 2016-09-30 13:52   Kulturea

Hegaztien Mundu-Mailako Egunean, ate edegien eguna izango da eta dobako bisita autogidatuak eta eta eraztunketa zientifikoko erakustaldiak eskainiko ditue.

Astegoien honetan, Urdaibai Bird Center-ek Hegaztien Mundu Mailako Eguna 2016 ospatuko dau eta honen harira, hegaztien eraztunketa saioez gan ate edegietako eguna be izango da, dobako bisitaldiak eskainiz. Hau guztiau, hegaztien munduak Urdaibai Biosfera Erreserban dauen garrantziari buruz gehiago jakin nahi dauenarentzat izango da.

Ingurumen hezkuntzearen harira, Urdaibai Bird Center-ek Eusko Jaurlaritzearen eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzinoagaz martxan dauen arrano arrantzalearen proiektuaren barruan urri osoan zehar hainbat eta hainbat ikastetxe eta ikasle etorriko dira arrano arrantzalearen bisitea egitera. Bertan, hegazti enblematiko hau erabiliz hegazti horren nondik norako guztiak ikasi eta aztertuko ditue ganerako hegaztien eta zer ingurutatik mobiduten dan kontuan hartuta.

Kontuak kontu, datorren domekan, urriaren 2an, Urdaibai Bird Centerrek Hegaztien Mundu-Mailako Eguna ospatuko dau eta horretarako ate edegien egun bat antolatuko dau dobako bisita autogidatuakaz eta eraztunketa zientifikoko erakustaldi bategaz.

Egun honetan parte hartzen dabenek bai zentrotik eta bai Gautegiz Arteagako paduretan kokaturiko behatokietatik, hegaztien behaketa saio parebako batez gozau ahal izango dabe. Europan umatu ostean, Afrikan negua pasetako migrazino sasoian sartuta gagozanez  aukera ederra izango dau bisitariak espezie desbardinetako hainbat eta hainbat hegaztiz gozetako.

Domeka honetarako antolatutako ekintzen barruan,  goiz zein arratsaldez, bisita autogidatuak eskainiko dira (audiogidak erabiliz). Ordutegi jarraitua izango da goizeko 11:00etatik arratsaldeko 19:00tara.

Bisita autogidatuez gan goizean zehar zentroko teknikariek hegaztien eraztunketa zientifikoari buruzko jardunaldi bat antolatuko dabe eta nahi dauen guztiak aukerea izango dau bertan parte hartzeko. Zelan eraztuntzen dan eta eraztunketan zer prozedura izaten diran azalduz jardungo dira zentroko teknikariak.   


Horrezaz gan, urte honetan estreinau dan Birdflyway proiektuko eleberria eskuragarri egongo da Birdflyway. Un viaje en familia por La ruta de las aves  eta nobela bakotxagaz batera pasaporte bat oparituko da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu