Etxepare-Laboral Kutxa saria Nami Kanekori, 'Mussche'-ren japonierazko itzulpenagaitik

Bizkaie! 2016-09-30 13:37   Kulturea

Jatorriz euskeraz idatzitako liburuen itzulpenak saritzeko sortu eben igaz lehiaketa hori Etxepare Institutuak eta Laboral Kutxak.

Nami Kaneko, 'Mussche'-ren itzulpena aurkezten (argazkia: Etxepare Institutua) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bigarren edizinoa dau Etxepare-Laboral Kutxa sariak eta, oraingoan, Japonia aldera begiratu dau epaimahaiak. Kirmen Uriberen Mussche nobelearen (Susa, 2012) japonierazko itzulpena egin dau Nami Kanekok eta Hakusui Sha argitaletxeak argitaratu dau. Etxepare Institutuaren arabera, itzulpenaren kalidadea eta argitaletxeak berau sustatzeko egindako plangintzea aintzat hartu ditue irabazlea erabagiteko orduan.

Kanekok eta argitaletxeak 4.000 euroko saria jasoko dabe, erdibana. Era berean, beste 2.000 euro izango ditue eskura, saria hartzen Euskal Herrira etorteko eta itzulpenaren zabalkundea egiten segiduteko.

Hain zuzen be, Nami Kanekok Etxepare Institutuaren diru-laguntzinoa jaso eban Mussche japonierara itzuli ahal izateko. Udabarrian, Japoniako Itzulpen Sariko bost finalistetako bat izan zan Kanekoren liburua. Euskeratik japonierara zuzenean itzultzen dau Kanekok, zubi hizkuntzarik erabili barik.

Kirmen Uribe gero eta ezagunagoa da Japoniako irakurleen artean. Mussche baino lehen, Bilbao-New York-Bilbao itzuli zan japonierara. Ganera, Nami Kanekok berak Uriberen zazpi poemaren itzulpena plazaratu eban Japoniako aldizkari literario baten.

Etxepare-Laboral Kutxa sariketearen helburu nagusia, euskeraz sortutako literaturea atzerrian ezagutzera emotea eta zabaltzea da. Horregaitik, euskeratik beste hizkuntza batera itzuli eta argitaratu diran liburuak saritzen ditu. Bigarren edizinoa irabazi dau Nami Kanekoren Musscheren itzulpenak. Igaz, sariketearen lehenengo ekitaldian, Isaac Xubin itzultzaileak eta Kalandraka argitaletxeak jaso eben saria, Joseba Sarrionandiaren testu batzuen itzulpenagaitik. Tempo de exilio izenburupean argitaratu zan Galizian.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu