Mundu guztiko ehun websail baino gehiago batuko ditu Bilbao Web Fest jaialdiak

Bizkaie! 2016-09-29 08:08   Zinemea

Urriaren 26tik 29ra egingo dabe internet bidezko telesailen jaialdi horren bigarren edizinoa. Adituen topaketea be antolatuko dabe.

Igaz sortu zan Bilbao Web Fest, azken urteotan asko zabaldu dan sektore horretan erreferente izateko asmoz. Izan be, interneten garapenari guztiz lotutako fenomenoa da websailena, interneterako beren-beregi produzidutako telesailena. Lehenengo edizinoagaz pozik geratu ziran antolatzaileak eta indarbarrituta datoz bigarren aldi honetarako.

Mundu zabaleko 25 herrialdetatik etorritako 120 film inguru erakutsiko dira jaialdiaren lau sailetan. Sail ofizialerako, munduko websailik onenak aukeratu dira, batzuk miloe bat euro baino gehiagoko aurrekontudunak. 30 aukeratu ditue sail nagusirako.

Beste sailak Amets, trailerrak eta Euskal Screenings izango dira. Autore-lana eta produkzino independenteak dira Amets saileko piezak. Trailerren atalean, laster plazaratuko diran websailen iragarki edo aurrerapen onenak sarituko dira. Amaitzeko, Euskal Screenings, izenak dinoan legez, euskal produkzinoen bilgune izango da. Euskal websailik onena aukeratuko dabe atal horretan.

Honeek izango dira epaimahaiko kideak: Koldo Serra zinema zuzendara, Leyre Berrocal aktorea eta websailen ataleko munduko jaialdi ospetsuenetako zuzendariak, Berlinekoak eta Koreakoak. Sail guztietako websailak egunero proiektauko dira Bilboko Abandoibarra pasealekuko Bizkaia Aretoan, doban. Websail arrakastatsuenetako protagonista batzuk bertan izango dirala ziurtatu dabe antolatzaileek.

Jaialdiagaz batera, urriaren 27an eta 28an, Bilbao Web Market topaketea egingo dabe Azkuna Zentroan. Websailetako eragileak alkarregaz hartu-emonean jarteko ekimena izango da hori. Berbaldiak, mahai inguruak, kontzertuak eta abar antolatuko ditue topaketearen barruan.

Antolatzaileek dinoenez, barritasunen bila dabilen publikoaren artean, gero eta jarraitzaile gehiago daukiez websailek. Serie zaleen zein produktoreen artean arrakasta handia izan dauen formatua da, sortu barria izan arren. Horregaitik, Bilbok merkadu horretan sartzeko apustua egin dau eta ahalegin horren emoitzea da Bilbao Web Fest.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu