Lekeitioko 39. Euskal Zine Bilerea urriaren 16tik 23ra bitartean dator aurten

Bizkaie! 2016-09-28 08:45   Zinemea

Aurreko urteetan baino lehenago datorren 39. edizino honetan, 50 lanetik gora jaso dira eta horreetatik guztietatik 32 film izan dira onartuak lehiaketan parte hartzeko: 11 lan profesional eta 21 lan amateur.

Lekeitioko Udalak antolatzen dauen euskera hutsean egiten dan zinema bilera bakarraren 39. edizinoa da aurtengoa. Urriaren 16tik 22ra bitartean, euskaraz filmau danaren errepasoa egiteko aukera ederra izango da Lekeition. 39. edizino honetan, 50 lanetik gora jaso dira eta horreetatik guztietatik 32 film izan dira onartuak lehiaketan parte hartzeko; 11 lan profesional eta 21 lan amateur. Azken horreen artean 5 lanek Gazte 22 sailean parte hartuko dabe (lan bi lekeitiarrek egindakoak dira). Aurten, ganera, Euskal Zine Bilereak I. Kartel Lehiaketea martxan ipini dau, Euskal Zine Bilerearen helburuetariko bat baita sorkuntzea eta partaidetzea sustatzea. Esangura horretan, danetara 16 lan aurkeztu dira eta dagoeneko irabazlea aukeratua izan da. Irabazlearen izena eta kartela Bilboko BBK Aretoan egingo dan prentsaurrekoan plazaratuko da. Bestetik, 2015eko 38. Euskal Zine Bileran 3.000 euroko Benito Ansola Bekearen irabazlea izan zan Irati Canoren Leihoak lana primiziaz ikusteko aukerea izango dogu. Lekeitioko Udalagaz batera, EHUren Mikel Laboa katedrearen babesagaz eta Eusko Jaurlaritzako Gazteria eta Gizarte Ekintzarako Zuzendaritza eta Bizkaiko Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzearen laguntzaz antolatzen dau Euskaltzaleon Topaguneak sari hau.

Euskal Zine Bilereak betiko helburu bi ditu; batetik, euskerazko lan amateurrak saritu dira eta bidea egiten lagundu. Bestetik, euskerazko zinemagintza profesionalaren topagune nahi da izan. Kontuak kontu, lehiaketeak kategoria bi ditu, profesionalena eta amateurrena; bakotxak sailkatzen dau bere lana batean edo bestean. Kategoria bakotxean, Zuzendaritzea, Produkzinoa, Gidoia eta Argazkia arloak sarituko dira. Profesionalen sailean, arlo bakotxeko 1.600€ eta zilarrezko antzarra dira sariak, amateurrean, barriz, 1000€ eta zilarrezko antzarra. Horrezaz gan, jaialdiko saririk preziatuena, Film Onenaren saria be profesional eta amateurren kategorietan emongo da: lan profesionalak 1.900€ eta urrezko antzarra jasoko dau eta lan amateurrak 1.300€ eta urrezko antzarra.

Igaz, Aitor Oñederraren I said I would never talk about politics lanak irabazi eban profesionalen arteko film onenaren saria; amateurren artean, barriz, Yago Mateo Velascoren Fishura filmak. Nahikoa ez eta beste sari bi ditu gordeta EZBk, bakotxa 500 eurokoa: Gazte 22 Saria eta Antzar Morea. Gazte 22 sarira 1993ko urtarrilaren 1aren ondoren jaiotako 5 zinemagilek emon dabe izena. Igaz, Aitor Zarzuelo Landaren Maitaleak lanak jaso eban saria. Antzar Morea sariak bestetik, genero ikuspegia ondoen txertatzen dauen lana sarituko dau eta, era berean, kontuan hartuko da emakumearen presentzia zenbatekoa izan dan lana sortzeko prozesuan. Berau Lekeitioko Udaleko Bardintasun Sailak emoten dau.


Aurtengo epaimahaikideak

39. Euskal Zine Bilerako epaimahaikideak euskal zinemagintzeagaz lotutako profesional desbardinak batzen ditu: zuzendariak, antzezleak eta produktoreak:

Asier Bilbao (Durango, 1969) Produktore eragilea eta produktore zuzendaria. Bere ibilbide profesionala batez be produkzino lanetan garatu da, antolaketan nahiz edukietan. Objetivo Agirre (2016) film luzearen garapenean parte hartu dau, baita Amaren Eskuak (2013) luzean bere.

Asier Hormaza (Getxo, 1970) Euskal aktore eta bikoiztalea. Zineman, antzerkian eta batez be telebistan egin dau lan. Argi edota El cazador de dragones pelikuletan parte hartu dau Iratxe Mediavilla eta Patxi Barcoren zuzendaritzapean. Ganera, Goenkale eta VayaSemanita telesailetako protagonista izatearren be ezaguna da.

Iñaki Billelabeitia (Mungia, 1963) Euskal Herriko Unibersidadean Arte Eder Fakultadeko irakasle titular, doktore eta ikertzaile lanagaz buztartzen dau. Klaseak emoten ditu Arteko Graduan, Increarte masterrean (Investigación y Creación en Arte) edota Arte Garaikidea Teknologiko eta Performatiboko masterrean be. Gaur egun UPV-EHUko Artea eta Teknologia saileko zuzendaria da.

Tessa Andonegi (Donostia, 1968) Euskal aktorea. Zineman, antzerkian eta telebistan egin dau lan. Besteak beste, Goazen (2008) filman eta Goenkale eta Jaun ta Jabe telesailetan parte hartzeagaitik da ezaguna. Antzerki munduan be aktore (Las dos verdades – Tartean 2005-2006) eta zuzendaritza laguntzaile (Ai Ama! – Hika Teatroa 2003) lanetan ibili da.

Sara Cozar (Ordizia, 1980) Euskal aktorea. Goenkale telesailean lanean ibili ondoren, Emaztegaiaren semea, Hil arte bizi, Maitasunaren ostean maitasuna edo Las mujeres de verdad tienen curvas antzezlanetan jardun izan dau. Zineman, Bypass eta Izarren argia filmetan lan egin dau aktore moduan.


Babesleak

Lekeitioko Udalak antolatzen dauen Euskal Zine Bileerak aspalditik lagun dituan erakundeek bere horretan jarraituko dabe aurten be: Bizkaiko Foru Aldundia, Zineuskadi, BBK, Eusko Label eta Danobat Group. Aurten Euskaltel eta Erabil be batu dira euskal zinemagintzearen babesle taldera.



III. Erakusleiho Lehiaketea

39. Euskal Zine Bilerako erakusleiho lehiaketan izena emoteko epea zabalik dago urriaren 6ra arte. Lekeitio zinez jaztea da asmoa eta horretarako, hirugarren urtez, herriko dendari eta ostalari guztiei zuzendutako apaintze lehiaketea eroango dau aurrera Lekeitioko Udalak. Erakusketa aldia urriaren 7tik 23ra bitartean izango da. Aurreko edizinoetan 150 euroko sari bi egozan jokoan (klaketa saria dendariei zuzendua eta bobina saria ostalarientzat). Aurten, ostera, sari biak bat egin eta 300 euroko sari bakarra egongo da ostalari zein dendarientzat. Igaz Loli Andikoetxeak (Bonilla Argazki denda) eta Xabi Gualde Baezak (Betia Barri Jatetxea) jaso eben Apaintze Lehiaketako sariak. Hiru dira epaimahaikideak Mertxe Arrizubieta kultur zinegotzia, Euskal Zine Bilerako lantaldeko Joseba Zuberogoitia eta Zinemazaleen alkarteko David Madarieta. Batez be KAKOAri (kakua) erreferentzia egiten deutsien apainketak hobetsiko ditu epaimahaiak (Lekeitio euskal zinemagintzearen portua, saretu, zinemagileak erakarri, harrapatu edo arrantzatu, etab.).

Izen emotea urriaren 6ra arte egin ahalko da Kultur Etxean, beti be arratsaldez. Informazino gehiago zinebilera@zinebilera.com helbidean edota 94 624 34 82 telefonoan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu