Altzustan jokatuko da Zeanuriko kofradien bola txapelketea, domekan

Bizkaie! 2016-09-26 10:55   Kulturea

Udalerriko zazpi kofradietako ordezkariek parte hartuko dabe. Talde bakotxean lau bolari egongo dira.

Bola jokoaren ohitureari eusten deutsie Zeanurin eta urriaren 2an jokatuko dan kofradien arteko lehia da horren erakusgarri. Aurreko urteetan be jokatu izan da. Era berean, bakarkako txapelketea antolatu dabe aurten Zeanurin eta Jon Arangurenek irabazi dau.

Arratsaldeko 18:00etan hasiko da kofradien arteko txapelketea, Altzusta auzoko bolatokian, San Migel jaien egitarauaren barruan. Udalerriko zazpi kofradietako taldeak egongo dira: Altzua, Altzusta, Asterria, Ibarguen, Ipiñaburu-Undurraga, Otzerinmendi eta Uribe. Launa bolari izango ditue eta bakotxak sei jaurtiketa egingo ditu. Txirlo gehien botetan dituan taldeak irabaziko dau. Bardinketea balego, gerra eran erabagiko leukee irabazlea.

Talde irabazleak 120 euro eta afari edo bazkaria irabaziko ditu. Kiloterdi Txokoan, Ellauri hotelaren jatetxean, jango ditue irabazleek kilo eta erdiko txuleta bi, osogarri guztiakaz. Bigarren sailkatuari 100 euro emongo deutsiez eta hirugarrenari, 80. Kiloterdi Txokoaren laguntzinoa dauka txapelketeak, baita Zeanuriko Udalarena be.

Ganera, txapelketea hasi aurretik, umeek bolan jokatzeko aukerea izango dabe. Holan, kirol hori hobeto ezagutzeko modua emongo jake. Arratsaldeko 17:00etan hasiko dira umeentzako jarduerak. Altzustara hurreratzen diran guztiek joku horren nondik norakoak ikusi ahal izango ditue eta bertan erabilten diran berba berezi asko ezagutuko ditue: Eskuzuloak, txorra, sinka, hirukoa, txakile, zubile, txirloa, arrapea,...

Honen aurretik, udan bakarkako lau txapelketa jokatu dira Zeanurin. Altzuan, Ipiñan, San Juston eta San Lontzon hain zuzen. Onenek finala jokatu dabe San Lontzo bigarrenean. Hiru onenak kofradien arteko lehiaketan be izango dira: Jon Aranguren txapeldunak Ibarguen kofradiako taldean jokatuko dau, Danel Beitia bigarrenak Otzerinmendikoan eta Joseba Kortazar hirugarrenak Uriben.

Ikusi argazki guztiak handiago

2016/10/02 18:00

Zeanuriko Altzusta auzoko bolatokian

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu