Urrezko Maskorra, 'I'am not madame Bovary' txinatarrak eroan dau

Bizkaie! 2016-09-26 08:50   Zinemea

Zuzendari onena Hong Sang-soo, emakumezko aktore onena Fan Bingbing eta gizonezko aktore onena Eduard Fernandez izan dira, Bille August buru izan dauen epaimahaiaren eretxiz.

Sail Ofizialean lehian egozan 17 lanetatik  hiru ziran Asiatik etorritakoak eta, azkenean, I'am not madame Bovary Xiaogang Feng zuzendari txinatarrarena izan da, Sail Ofizialeko epaimahaiaren eretxiz, Donostiako 64. Zinemaldiko pelikularik onena, Urrezko Maskorra jaso dauena. Xiaogang Feng zuzendariak jaso dau Maskorra Bille August Sail Ofizialeko epaimahaiko buruaren eskutik.

Beste alde batetik, Fan Bingbing aktoreak emakumezko aktore onenaren Zilarrezko Maskorra jaso dau Xiaogang Feng zuzendariaren filman egindako lanagaitik, Txinako administrazinoaren eta burokraziaren gorabeherak eta emakume baten indarra irudikatzen dituan film horretan eginiko lanagaitik. Bingbing asiar zinemako emakume aktorerik ezagunena da, eta mundu osoan gehien kobretan daben emakumezko aktoreen zerrendan bosgarren kokatu eban Forbes aldizkariak.

Gizonezko aktore onenaren Zilarrezko Maskorra Eduard Fernandez aktore katalanak irabazi dau, El hombre de las mil caras Alberto Rodriguezen filman Francisco Paesa espainiar segurtasun agentearena egiteagaitik.

Zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra be Asia aldera joan da: Han Sang-sook irabazi dau, Dangsinja-sigwa dangsinui geot / Yourself and You lanean egin dauen lana goraipatu dau saria emonez epaimahai ofizialak.

Sail Ofizialeko epaimahaiak emoten dituan beste bi sariak, gidoi eta argazkilaritza onenarenak, Rodrigo Sorogoyen eta Isabel Peñarentzat (Que dios nos perdone) eta Ramiro Civitarentzat (El invierno) izan dira, hurranez hurran.

Horrezaz gan, epaimahaiak aitamen berezia egin deutse El invierno argentinar pelikuleari eta Jätten suitzar filmari.

Ganerako sariei jagokenez, Zabaltegi-Tabakalera sailean lehia izan da lehenengoz, eta Zinemaldiaren historiako lehen irabazlea Eat That Question: Frank Zappa In His Own Words Thorsten Schütteren lana izan da. Ganera, atal horretako epaimahaiak aitamen berezia egin deutso La disco resplandece Chema Garcia Ibarraren filmari.

Horizontes Latinosi jagokonez, Rara Pepa San Martinen lanak, Sebastiane saria irabazi dauen filmak irabazi dau saileko sari nagusia, eta Inma Cuesta aktorea buru izan dauen epaimahaiak Alba Ana Cristina Barraganen lanari emon deutso aitamen berezia.

Kutxa-Zuzendari Barriak atalean, Park Sofia Exarchouren filmak eroan dau sari nagusia, eta epaimahaiaren aitamen berezia A Taste of Ink Morgan Simonen pelikulearentzat izan da.

Epaimahaiko presidentea Bille August danimarkar zinemagilea izan da eta ondokoak izan ditu ondoan: Anahi Berberi zuzendari argentinarra, Esther Garcia produktore espainiarra, Jia Zhang-ke zinemagile txinatarra, Bina Daigeler jantzi-diseinatzaile alemana, Matthew Libatique argazkilaritza zuzendari estadubatuarra eta Nadia Turincev produktorea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu