Esne Beltza eta La Pulquería izango dira buru III. Sopela Kosta Fest jaialdian

Bizkaie! 2016-09-22 13:51   Kulturea

Gaur, hilak 22, hasi eta 25era arte izango da, naturea, surfa, surfaren kulturea eta musikea ardatz dituan Sopela Kosta Fest jaialdia

Inoiz baino surf gehiago eta Euskal Herriko musikarien pisu handiagoa, horrexek izango dira irailaren 22tik 25era artean Sopela Kosta Festen hirugarren jardunaldiak izango dituan ezaugarri nagusiak. Ohikoa danez, Bizkaiko kostaldeko herri honetan egiten dan jaialdiak naturea, surfa, surfaren kulturea eta musikea izango ditu ardatz.

Udaletxeko plazan kokatuko dan oholtzan 9 taldek eta DJ-k parte-hartuko dabe: Sorkun, Hey Mr. Neken, Dead Bronco, Belize, The Great Barrier, The Clams eta DJ Göo, aitatutako Esne Beltza eta la Pulqueríagaz batera. Valentziako La Pulquería taldea izango da barikuko, irailaren 23ko zerrenda-burua eta ohikoak dituan musika estiloak nahastauko ditu, tartean mexikar korridoa, ska edota hard rocka. Egun horretan, AEBetako Eagles taldearen omenez egiten dauen rocka joko dau Hey Mr. Neken taldeak, Belize gipuzkoarren aurretik. 90eko hamarkadan Kashbad taldeko buru izan zan Sorkun kantariak erakutsiko dau zergaitik dan XX. mendeko euskal rockaren erreferentzia nagusietakoa.

Zapatuan, irailaren 24an, Esne Beltza izango da kartel-burua, trikitixea eta musika estilo baltzagoak buztartuz. 50eko eta 60ko hamarkadetako usaina darion soulaz arduratuko da Madrilgo The Clams, erabat emakumezkoz osotutako taldea. Dead Bronco eta The Great Barrier bizkaitarren rock independientea eta DJ Göo nafarraren disko saioak izarratuko dabe musikaz beteriko bigarren jardunaldia.


Surf gehiago, txapelketak eta dobako ikastaroak

Sopela Kosta Festen hirugarren ekitaldia orain arte egin diran guztien artean surferoena izango da, kirol honen inguruko kultureari lotutako hainbat ikastaro eta aisialdiko ekintza eskainiko baititu, bai eta Euskal Herriko surf zirkuitoan entzute handikoak diran zenbait txapelketa be. Esangura horretan, Sopelako Udalaren eta Euskal Herriko Surf Federazinoaren arteko lankidetzeari esker, astegoien horretan egingo da Euskadiko surf zirkuitorako baliogarria dan bigarren txapelkeeta. Beraz, Arrietara hondartzan batuko dira euskal espezialista onenetakoak. Lehiaketa hau, ganera, Euskal Herriko Txapelketea izango da open eta emakumezkoen mailan, bai eta longboard, SUP eta helduen mailetan be.

Horrezaz gan, EHSF-ko kluben-arteko txapelketea be egingo da egunotan. Aurtengo lehiaketearen ezaugarri nagusia da, baina, Sopela Kosta Fest jaialdia dala eta talde guztien kapitainak emakumezkoak izango dirala.

Sopela Kosta Festen ohikoa danez, herriko lau surf-eskola arduratuko dira kirol honetan lehenengo pausuak emon gura dituenei dobako ikastaroak emoteaz, nahiz eta aintzat hartu behar dan plaza mugatuak izango dirala eta ezinbestekoa izango dala neska-mutilek 12 urte beteta izatea. Ikastaroak zapatuan eta domekan eskainiko dira, irailaren 24 eta 25ean, 11:00etatik 13:00etara, Arrietara eta Atxabiribil hondartzetan.


Film laburren lehiaketea: 1.000 euro saritan

Sopela Kosta Fest jaialdiaren igazko edizinoan film laburren lehiaketeak izan eban erantzun bikainaren ostean, antolatzaileak bigarren edizinoan parte-hartuko daben bideo-lanak jasoten ibili dira egunotan.

Lan guztietan ezinbestekoa da surfagaz eta natureagaz lotutako gaiak ardatz hartuta, gehienez 10 minutuko iraupenekoak izatea. Sarituak izaten diran film labur guztiak jentaurrean pantailaratuko ditue, jaialdiaren lehen jardunaldian egingo dan gala berezian, eguenean, irailaren 22an. Ganera, jaialdiko webgunean be ikusi ahal izango dira.

Danetara, 1.000 euro banatuko dira saritan. Lanik onenak 500 euroko dirusaria jasoko dau, 250 euro herriko egile onenak eta beste 250 euro ‘Taula Lila’ alorreko irabazleak. Atal honetan emakumeek eginiko film laburrek parte-hartuko dabe, eta emakumezkoek surfean daben presentziari garrantzia emongo jako, estereotipoak edota genero ikuspegiko desbardintasunak
indarbakotzeko asmoz.


III. Sopela Kosta Fest - Egitarau osoa ikusteko klik egin hemen.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu