'Ramon Barea maite zaitut'
2016-09-21 12:11 ZinemeaRamón Barea aktore eta errealizadoreak Zinemira saria jaso dau bart, bilbotarra Nuria Espertegaz batera, Madrilen Mario Gasen Incendios lana antzezten egoan bitartean. Irene Bau aktoreak jaso dau saria, haren izenean.
Bart Donostian egindako Euskal Zinema eta ETB Galan, Barea jn.aren ibilbide oparoko antzezpen gogoangarrienetako batzuk erakutsi ditue bideo batean, eta Juanma Bajo Ulloa zinema zuzendaria agertokira atera da, saria emoteko. Ramon Barea, maite zaitut adierazo dau gasteiztarrak. Irene Bau aktoreak jaso dau saria, Barea jn.aren izenean. Galan proiektau daben bideo baten bidez emon ditu eskerrak aktoreak. Donostian saritu izana garrantzitsutzat jo dau Bareak, bertan hasi ziralako Segoviako igesa eta era horretako filmakaz, euskal zinemearen aitzindariak lanean. Ilusino handiko eta diru gitxiko garaiak ekarri ditu gogora mezuan, eta bere belaunaldiko kideei eskaini deutse saria, baita bizitzan alboan izan dituan emakumeei be.
Donostia Zinemaldiak eta EPE/APV eta IBAIA produkzino-alkarteek banatzen dabe sari hori, euskal zinemearen persona ospetsu baten ibilbidea omentzeko. Hain zuzen, Euskal Zinema eta ETB Galan banatu da Zinemira saria, Victoria Eugenia Antzokian, Agirre Lehendakaria dokumentalaren eta Igelak fikzino-film luzearen estreinaldia baino lehen.
Ramón Barea Bilbon jaio zan, 1949an. Meza-mutila izan zan bere parrokian, baita atabalaria eta txakur-toreatzailea be Bilboko Plaza Barrian. Gazte-gaztetatik liluratu eban antzezpenak eta berehala, 70eko hamarkadan, Cómicos de la Legua eta Karraka izeneko antzerki independenteko bi talde sortu eta horreetan jardun eban aktore-lanetan. 24 urtegaz espektakuluaren munduan bete-betean sartu aurretik, behargina eta funtzionarioa izan zan, eta Hezkuntza Zientziak ikasi zituan. Taula ganeko bere lanagaitik ez eze, Barea dramaturgo eta antzerki-zuzendari legez be nabarmentzen da.
Gaur arteko obren artean, honako honeek nabarmendu daitekez: Bilbao Bilbao musikala, Oficio de Tinieblas 5 (Camilo José Celaren zenbait testutan oinarrituta), Okupado, Euskadifrenia, Ubú Emperatriz, La Palanca Gran Cabaret, Hoy última función, El hombre que confundió a su mujer con un sombrero, Orquesta de señoritas... Ehun obra inguru, guztira.
Ondokoak dira aktore legez egin dituan azken lanak: Los perjuicios del tabaco, A. Txekhovena, Ur Teatrorekin; Max Estrellaren papera Luces de Bohemia obran, Prósperorena William Shakespeareren La Tempestad obran, eta Meneniorena Coriolano obran, hirurak Helena Pimentaren zuzendaritzapean; On Kixoteren papela Morir cuerdo y vivir loco obran, Fernando Fernán Gómezek idatzia eta zuzendua, Zentro Dramatiko Nazionalerako eta Aragoiko Zentro Dramatikorako; El chico de la última fila eta Cartas de amor a Stalin, Juan Mayorgarenak, Ur Teatro konpainiagaz.
Antzerkirako egin dituan lanen artean, nabarmentzekoak dira ondokoak: Pérez Galdós zaharraren papela, J. López Mozoren Puerta del Sol obran, Juan Carlos Perez de la Fuenteren zuzendaritzapean; Luis XV.aren papera S. Gitryren Beaumarchais obran, J.M. Flotatsek zuzenduta; Antzerki Klasikoko Konpainia Nazionalagaz, Ernesto Caballeroren zuzendaritzapean, En la vida todo es verdad y mentira, Calderónena, Focas tiranoaren paperean; Montenegro (Comedias Bárbaras), Zentro Dramatiko Nazionalean, Ernesto Caballeroren zuzendaritzapean, Juan Manuel Montenegroren papelean; Confesiones de San Agustín, Juan Carlos Perez de la Fuenteren zuzendaritzapean.
Antzerki-zuzendari lez, ondokoak ditu lan barrienak: El hombre que confundió a su mujer con un sombrero, Oliver Sacks neurologoaren saiakeran oinarritua (dramaturgiaz be arduratu zan); El hombre de los dados, Luke Rinhard-ena (dramaturgiaz be arduratu zan); El buscón, Templanza Produccionesentzat; Emma, Howard Zinn-ena, Bilboko Arriaga Antzokirako; Bilbao Bilbao errebista musikalaren itzulerea; Ecografías, Karmele Jaiorena, Makiescénicarentzat; Esencia patria, Pabibilioi 6eko Antzerki Laborategiarentzat; Orquesta de señoritas, Jean Anouilh-ena; Romeo y Julieta, Pabibilioi 6eko Gazte Konpainiarentzat.
Aitagarria da bere ibilbide profesionalean inoiz ez dauela izan, eta gaur egun be ez dauela, agenterik.
Zinemeari jagokonez, La fuga de Segovia filmagaz ekin eutson bere karrereari, 1981ean, euskal aktore eta teknikarien belaunaldi oso bategaz batera. Ordutik eta etenik barik ehundik gora film luzetan eta berrogeita hamar bat film laburretan parte hartu dau. Enrique Urbizugaz lan egin dau (Todo por la pasta, 1991), Pablo Bergeregaz (Blancanieves, 2012), Imanol Uribegaz (La muerte de Mikel, 1984; Adiós, pequeña, 1986; El rey pasmado, 1991), Álex de la Iglesiagaz (Muertos de risa, 1999; La comunidad, 2000; 800 balas, 2002), Montxo Armendárizegaz (Silencio roto, 2001), Juanma Bajo Ulloagaz (La madre muerta, 1993), Gracia Querejetagaz (Cuando vuelvas a mi lado, 1999; Siete mesas de billar francés, 2007), Borja Cobeagagaz (Negociador, 2014) eta Lara Izagirregaz (Un otoño sin Berlín, 2015).
Telebistan, azken urteotako telesail ezagunenetako batzuetan parte hartu dau: Compañeros, Periodistas, Aquí no hay quien viva, Hospital Central, Policías, en el corazón de la calle, Plan América edo Acusados, baita minisailetan be, besteak beste, Adolfo Suárez eta Yo soy el solitario sailetan. ETBrentzat, Detrás del sirimiri programako eszenaratzeaz arduratu zan, eta Flamingo Berria telesaileko gidoiak zuzendu eta koordinau zituan. Fernando eta David Truebak zuzendutako TVEko El peor programa de la semana mitikoko kideetako bat be izan zan.
Zinema-zuzendari lez 1996an egin eban debuta, Adiós Toby, adiós film laburragaz. Bere bigarren film laburragaz, Muerto de amor, Cannesen izan zan barriro. Lehen film luzea 1999an zuzendu eban: Pecata minuta, Elena Irureta eta Mariví Bilbaogaz. Zuzendu eban hurrengo filma, eta oraingoz azkena, El coche de pedales izan zan, 2004an, Álex Angulogaz. Arte eszenikoei eta antzerkiko lan-prozesuei buruzko zenbait dokumental be egin ditu Ur konpainiagaz.
Bere ibilbidean zehar jaso dituan sari guztien artean, ondokoak nabarmendu daitekez: Huelvako Zinema Iberoamerikarreko Jaialdiko aitamen berezi bat, Enrique Gabrielek zuzendutako En la puta calle (1997) filmagaitik, eta Toulouse Midi-Pyrénéeseko Zinema Espainoleko Jaialdiko saria, El coche de pedales filmagaitik. Antzerkian, bost aldiz jaso dau Bilboko kritikarien Ercilla saria. Hollywoodeko Oscarretaraino be heldu da, Borja Cobeagaren Éramos pocos film laburrean izan eban parte-hartzeari esker. Era berean, Euskal Aktoreen Batasunaren saria, Arte Eszenikoen Max saria eta Antzerkiko Sari Nazionala be irabazi ditu.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!