121 Krew taldeak bere ibilbide luzeari agur esango deutso disko bikotxa argitaratuz

Bizkaie! 2016-09-20 08:58   Musikea

Euskal Herriko rap mobimentuan 121 Krew, Barakaldoko musika taldearen ibilbidea aintzindaria izan da.

Hainbat arrazoi tarteko dirala berezia eta desbardina izango da 121 Krew taldearen azken lana: Lehenik eta behin, segurutik, rap taldearen azken lanaren aurrean gagozala. Horregaitik, lan desbardina aurkeztu nahi izan dabe, disko bikotxa, bat material barriagaz, Mahatsen denbora izenburupean, eta bestea egindako ibilbide luzearen bildumea: Azken afaria.

Bestetik, diskoan parte hartu daben kolaboratzaile guztiak taldearen aspaldiko lagunak dira: Budi, Norte Apache, Gorka Suaia, Rasy Simone eta Neza. Mende hasierako rap frantziarraren soinua eredu hartuz, disko serioa eta potentea plazaratu dabe; berbak, esperientzietan eta gomutetan oinarritzen dira.

Hori guztia biribiltzeko Hector Villarrek egindako diseinu ikusgarri eta landua be nabarmendu behar da eta SoinuArt estudioan Unai Mimenzak lortu dauen amaierako soinu indartsua. Diskoa Taupaka alkartearen bidez argitaratuko da, lizentzia libreen ereduari jarraituz.

Kontuak kontu, 150 kopia baino ez ditue salduko, eta ale bakotxak opari berezia eroango dau: taldeak eskaini behar dauen azken kontzerturako sarrerea, hain zuzen be.


Hamasei urte euskeraz rap musikea egiten: ibilbide oparoa

121 krew taldea graffiti talde bat lez sortu zan (Artista Urbanoak). Lehenengo letra alfabetoan A/1 da, eta hogeitabatgarrena U/21, hain zuzen be, hortik izenaren jatorria. 2000. urtean, DJ Doble R eta Endika Lahaine raperoa batu ziran taldera alde musikala jorratzeko. 2005. urtean, La mansión de los mil versos/Etxe handi ilun honetan kaleko albuma kaleratu eben, Abu+E eta Lama raperoakaz eta DJ Smog-ren laguntzinoagaz. Disko honetan etxe handi bateko logela bakotxa abesti bat zan: El desván, El jardín..., geldiro-geldiro etxe osoa eregi arte. Gehien bat erderaz rapeauta egoan, baina lehenengo kantuak euskeraz grabau zituen.

Handik gitxira, Hawa DJ, Rufoh beatboxerra eta Maisha MC rap abeslaria eta produktorea batu ziran taldera, eta 2007. urtean, El surko del tiempo/Denboraren ildoa diskoa kaleratu eben, euskeraz eta erderaz. 2009. urtean, Guztiok bat… euskal rap! kaleko albuma editau eben, orain bai % 100 euskeraz rapeautako kantuak ziralarik. 2011. urtean, Hiriaren Taupadak diskoa kaleratu eben David Nanclares kitarrajoleagaz. Garai horretan, Tote King teloneau edota Esne Beltza lako artistakaz kolaborau eben zuzenekoetan. Bartzelona, Italia, Venezuela eta Parisen jo ostean, azkenengo lan honegaz agur esatea erabagi dabe.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu