Bilboko Guggenheimi Espainiako museorik gardenenaren saria emon deutsie

Bizkaie! 2016-09-19 08:38   Kulturea

Webgunean dakarren informazinoaren arabera sailkatu ditu museoak Fundación Compromiso y Transparencia alkarteak eta, bigarren urtez, Guggenheim izan da gardenena.

Guztira, 60 museo aztertu ditu fundazino horrek sailkapena egiteko. Hiru moltsotan banatu ditu, gardenenetatik hasi eta ilunenetaraino. Horretarako, webgunean ipinten daben informazinoa aztertu dabe, 24 adierazleren arabera. Bilboko Guggenheim Museoari 18 puntu emon deutsiez, baita Bartzelonako MACBAri be. Horreek biak izan dira sailkapeneko onenak.

Zerrendan beherago, beste euskal museo batzuk be sartu ditue. Erdiko mailan, 15 puntugaz, nota ona emon deutsie Gasteizko Artiumi. Emoitza apalagoa, 9 puntu, eskuratu dau Bilboko Arte Eder Museoak. Nafarroako Unibersidadearen museoa erakunde ilunen moltsoan sartu dabe, bost puntu baino ez deutsiez emon eta. Zerrenda osoa, hemen.

Hortaz, bigarren urtez erreskadan lortu dau izendapena Guggenheim Museoak. Halandabe, igazkoaren aldean, aurten badauka barritasun bat Bilboko museoaren lorpenak: Jardunbide egokien atalean, Guggenheimek Etika-kodea eta jardunbide egokien kodea idatzi ditu. Bildumearen kudeaketa politikea eta horrek eragin leikezan arazo etikoak aztertzen eta arautzen dira kodean. Ganera, publikoagaz izan beharreko begirunea eta interes gatazketan zelan jokatu zehazteko jarraibideak be jasoten dira.

Guggenheim Bilbao Museoko arduradunek nabarmendu dabe, gardentasunagaz konpromiso sendoa daukala museoak. Funts eta zerbitzu publikoen erabileran daukan ardura handia nabarmendu dabe. Webgunean museoaren jardunagaz lotutako agiri garrantzitsuenak edonoren eskura dagozala dinoe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu