Hemen dator Aiko taldearen Jantzaldi Ibiltaria

Bizkaie! 2016-09-16 12:36   Kulturea

Aurtengo matrikula epea zabalik dago urritik bagilera bitartean izango dan ikastaroan izena emoteko; aurten, Bilbo, Donostia, Galdakao, Durango, Gernika-Lumo, Markina-Xemein eta Berastegin egingo da, BBK Fundazinoaren lankidetzeagaz.

Euskal Herriko jantza tradizionala sustatu eta zabaltzeko lanean dabilen eta musikariz eta jantza maisuz osotutako Aiko taldeak matrikula epea zabaldu barri dau, jantzan ikasi nahi daben persona guztiek Jantzaldi Ibiltariaren edizino barrian izena emon deien. Metodologia propioa dauen ikastaro egonkor horretatik 4.000 zale baino gehiago igaro dira azken hamar urteetan. Aurtengo edizinorako matrikula epea zabalik dago urritik bagilera bitartean izango dan ikastaroan izena emoteko; aurten, zazpi lekutan izango da: Bilbo, Donostia, Galdakao, Durango, Gernika-Lumo, Markina-Xemein eta Berastegi, BBK Fundazinoaren lankidetzeagaz.
 
Ikastaro barria urriaren 3an, astelehenean, zabalduko da, Bilbon eta Galdakaon. Herri horreetan klaseak asteko lehenengo egunean eskainiko dira, Bizkaia Aretoan (Abandoibarran-Bilbon dagoan UPV/EHUko paraninfoa) eta Urretako eskoletan, hurranez hurran; martitzenetan, urriaren 4tik aurrera, Jantzaldi Ibiltaria Durangoko Plateruena Kafe Antzokira joango da; eguaztenetan Markina-Xemeinen (Lea Artibai Ikastetxean) eta Berastegiren (Udaletxean) txandea izango da; eta azkenik eguenetan, urriaren 6tik aurrera, Aiko taldeak Gernika-Lumoko San Fidel Ikastolan eta Donostiako Victoria Eugenia Antzokian emongo ditu bere klaseak, azken toki horretan Ballet Tren eta donostia.com-en laguntzinoagaz.

Aurreko edizinoetan lez, ikastaroak bi mailatan eskainiko dira (hasierea eta hobekuntzea) eta ondoko ordutegiagaz leku guztietan: 18:00etatik 19:30era lehenengo pausuak emon behar dituenentzat eta 19:30etik 21:00etara aurretik ezagutzak dituen zaleentzat. Matrikulearen prezioa 160 eurokoa da (110 € UPV/EHUko eta Lea Artibai Ikastetxeko ikasle edo langileentzat eta 14 eta 29 urte arteko gazteentzat). Lehen kontaktua izan nahi dabenentzako, eskolak dobakoak izango dira urrian, eta ikastaro osorako matrikulea horren ondotik egin ahal izango dabe. Matrikulea www.aikotaldea.eus webgunean edo 634 423 539 telefonora deituz egin daiteke.


Kantu Tradizional Ikastaroaren bigarren edizioa

Aiko taldeak bere Kantu Tradizional Ikastaroaren bigarren edizinoa jarriko dau martxan. Ikastaro horretan, Euskal Herriko txoko guztietako melodia tradizionalak interpretauko ditue partaideek. Lehenengo edizinoaren arrakastea ikusita, Euskal Herriko ahozko ondarearen transmisinoan espezialista handia dan Itsaso Arrietak eskainiko dau barriro be. Itsaso Arrieta euskal abesti herrikoi irakaslea da. Urte luzez hezitzaileen irakasle izan da haurtzaindegietan eta eskoletan. Umeen abestiak bazten eta ikertzen lanean ibili izan da, alor horretako zenbait argitalpenetako arduradun edo aholkulari legez. Azken urteetan abesti tradizionalen ganeko ikastaroak emoten dabil, eta abestiagaz lotutako hainbat kultur jardueratan be hartzen dau parte.
 
Ekimena EHUKultura Bizkaia programazinoaren barruan dago, eta Bizkaia Aretoan, UPV/EHU-k Bilbon dauen egoitzan, emongo da. Ikastaro osorako matrikulearen prezioa 160 €-koa da (ordubete astelehenero, urritik bagilera arratsaldeko 18:30etik 19:30era edo 19:30etik 20:30era). Urrian klaseak doban izango dira. Ikastaroa urriaren 3an, astelehenean, hasiko da.

Ikastaroaren edukiari jagokonez, Itsaso Arrietak hau azaldu dau: Euskal Herriko abesti multzo aberatsean egongo da oinarrituta, Euskal Herri osoko koplak, baladak, bertsoak, jantzan egiteko abestiak eta abestutako jantzak jasoz, baina errepertorio osoa pixka bat kartara egingo da, parte hartzen daben personen ezagupenen eta nahien arabera. Ikuspuntu metodologikotik, helburua abesti bakotxa bere testuinguruan azaltzea izango da, jatorria eta egilea ezagutzea, ezagunak diranean, esanahian eta sinbologian sakontzea, berbek gure hizkuntzan daben leuntasunaz edo zorroztasunaz jaubetzea, eta ondoren alkarregaz abestea.
 

Hamar urteko ibilbidea

Aurtengo urtea Aiko taldearen 10. urteurren ospakizunek markau dabe. Taldearen ezaugarri berezia, jantza tradizionala erakusteko, ikasteko, baloretako eta gozetako estilo barria da. Hamarkada honetan, 4.000 persona inguruk parte hartu dabe taldeak Bizkaian, Gipuzkoan, Araban, Nafarroan eta Iparraldean antolatu dituan ehunka ikastaro, tailer, erromeria eta emonalditan. Horrezaz gan, 2016. urtean azpimarragarria da proiektu handi bi produzidu dirala: Jotamentala, Euskal Herriko hainbat aretotan ikusi ahal izan dan dokumentalaren estreinaldia; eta Aiko taldeko musikariak eta jantza maisuak Euskal Herriko Musika Banda onenakaz batzen dituan ikuskizun barria.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu