Gero eta gazte gehiagok bizikletea erabilten dabe ohiko joan-etorrietan

Bizkaie! 2016-09-16 11:10   Kulturea

Eusko Jaurlaritzeak emondako datuen arabera, 15 eta 29 urte bitarteko erkidegoko gazteen % 13,4k egunero edo ia egunero erabilten dabe bizikletea leku batetik bestera joateko.

Europako Mobikortasunaren Astearen harira egindako azterlan horretan ikusten danez, Euskal Autonomia Erkidegoan gero eta gazte gehiagok hartu dabe ohiko joan-etorriak bizikletaz egiteko ohiturea. Kirol jarduerea albo batera itxita, egunero edo ia egunero erabilten dabe bizikletea gazteen % 13,4k. Orain dala lau urteko neurketan, % 9,6 ziran eta 2004koan, % 4,6 baino ez.

Jaurlaritzeak adierazo dauenez, faktore biren eraginez egin dau gora bizikletearen erabilereak: Batetik, bidegorrien sarea handitu egin da eta, bestetik, gero eta herri gehiagotan dago bizikleten mailegurako zerbitzu publikoa.

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 15 eta 29 urte bitarteko gazteen mobikortasun ohiturak aztertu ditu Jaurlaritzeak, baina moltso hori ez dala homogeneoa erakusten dabe datuek. Esaterako, mutilek neskek baino jokera handiagoa daukie bizikletea ohiko zereginetan erabilteko (mutiletan % 19,6k eta nesketan % 6,9k). Edadeak be badauka eragina: % 8,8k baino ez dabe bizikletea erabilten 25-29 urteko tartean, 20-24 tartean % 16,6 dan bitartean. Gazteenen artean, 15-19 tartean, % 15,5ekoa da datua.

Edadearen araberako aldea, batez be 25 urtetik gorakoetan dagoan beherakadea, gazteen zereginakaz lotuta egon leitekela uste dau Jaurlaritzeak: Ikasteari itxi eta lanean hasten dira gazteak helduago bihurtu ahala eta datuek erakusten dabe ikasleek bizikletea erabilteko aukera handiagoa daukiela beharginek baino.

Bestetik, lurraldeka be alde handiak dagoz. Araban, gazteen % 27,9k erabilten dabe bizikletea ohiko joan-etorrietan eta Bizkaian, % 7,5ek. Erdibidean dago Gipuzkoa (% 15,8). Udalerri jentetsuetan bizikletea erabilteko jokera handiagoa dago txikietan baino.

Azterlan honetako emoitzak Gazteen Euskal Behatokiak egindako inkesta batetik ondorioztau ditue. Euskal Autonomia Erkidegoko 1.500 gazteri egindako galdetegi bat izan da inkesta hori. Datuok, datorren urtean argitaratuko dan Euskadiko Gazteak 2016 ikerketearen aurrerapen bat da. Gazteen Behatokiak lau urtean behin argitaratzen dau hori eta 2016koa bildumako bosgarrena izango da. 30 urtetik beherakoen jarrerak eta eretxiak aztertzea da lanon helburua.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu