Europatik birea egingo dabe Enrique Solinisek eta Euskal Barrokensemblek

Bizkaie! 2016-09-16 08:10   Musikea

Parisen joko dabe lehenengo, irailaren 17an. Hurrengo hitzorduak Vienan, Turnhouten, Bartzelonan eta Bilbon izango dira. Antxinako musikea lantzen dau Euskal Barrokensemblek.

Euskal Barrokensembleko kide batzuk | Ikusi handiago | Argazki originala

Ondarearen Eguna ospatzeko, Enrike Solinis eta harek gidatutako Euskal Barrokensemble taldea Pariseko estudioetara konbidau ditu Radio France irrati publikoak. Zuzeneko kontzertua joko dabe irailaren 17an, zapatua, eta Frantzia guztian entzun ahal izango da. Ondarearen Eguneko programazino bereziko bederatzi kontzertuetko bat izango da eta jatorriz Frantziakoa ez dan talde baten emonaldi bakarra.

Emonaldia gaueko 22:00etan hasiko da. Igaz argitaratutako Euskel Antiqva diskoko piezak izango dira kontzertuaren oinarria. Disko hori 2015eko onenetakoen artean sartu eban France Musique irratiak. Enrike Solinis zuzendari eta gitarra joleagaz batera, honeek izango dira kontzertuko musikariak: Maika Etxekopar (ahotsa), Mixel Etxekopar (ahotsa, txirulea, eta txun-txuna), Sabin Bikandi (txistua, albokea, gaitea), Miren Zeberio (biolina), Pablo Martín Caminero (kontrabaxua) eta Daniel Garay Moragues (perkusinoa).

Pariseko irratiko kontzertu berezi horregaz ekingo deutso Euskal Barrokensemblek udagoieneko bireari. Musikeagaz lotura handia daukien urietan ibiliko da antxinako musikea lantzen dauen euskal talde hori. Belgikako Turnhout uria izango da hurrengo geltokia, hilaren 23an. Musika erlijiosoaren inguruko jaialdi baten parte hartuko dau Euskal Barrokensemblek. Prophecy of the Sibylla, Solinisek egokitutako pieza anonimoa, aurkeztuko dabe han.

Urriaren 13an etxean daukie hitzordua Euskal Barrokensemblekoek, Bilboko Arriaga antzokian. Euskel Antiqva-ko piezak joko ditue. Santiago Bidearen eraginez Erdi Aroko Euskal Herritik pasau ziran atzerritarren eragin musikala ikertu dau taldeak disko horretan. Holan, antxinako euskal musikearen eta Europako beste estilo batzuen nahasketea da.

Zemendian amaituko dau birea taldeak, Vienan eta Bartzelonan. Austriako uriburuan, hil horren 3an, Konzerthaus areto ospetsuan joko dabe Colores del Sur diskoan oinarritutako errepertorioa. Bartzelonako Auditori-n, zemendiaren 8an, Ars lacrimae errezitaldia eskainiko dau Euskal Barrokensemblek.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu