Carmelo Bilbao-Unanueren artelanak ikusgai Bilboko Ondare aretoan

Bizkaie! 2016-09-15 09:28   Kulturea

Hainbat bilduma pribadutako ehun obra baino gehiago batu ditue, batzuk aspaldian publikoari erakutsi bakoak. Urriaren 8ra arte egongo da erakusketea Ondare aretoan.

Carmelo Bilbao-Unanue (1928-2005) margolari bizkaitarraren ibilbide artistikoa eta bere obrearen garapen estilistikoa ezagutzeko aukera aproposa da Ondare aretoko erakusketea, Bizkaiko Foru Aldundiak azpimarratu dauenez. Izan be, ibilbide luze eta oparoa euki eban Bilbao-Unanuek, nazinoarteko zirkuituetan sartzeko aukerea emon eutsana.

Deustuan jaio zan Carmelo Bilbao-Unanue 1928ko garagarrilean eta umetan Frantziara ihes egin eban familiagaz, Bilboren kontrako bonbardaketak zirala eta. Ondoren, Bilboko kafetegietako giro intelektualean sartu zan, Luis Castresanagaz eta beste pentsalari batzukaz. 1946an Frantziara alde egin eban, eta han be, artista eta intelektualak ezagutu zituan. Kanadan 1950eko hamarkadan bizi izandako urteetan ekin eutsan ibilbide artistikoari modu profesionalean. Europako hainbat herrialdetan be bizi izan zan, 1968an Bilbora behin betiko bueltau aurretik. 2005eko irailean hil zan, Getxon.

Bizkaitik kanpo bizi izandako hamarkaden eraginez, Bilbao-Unanueren obrea herrialde ugaritan sakabanatuta dago, kasu askotan bildumagile pribaduen esku. Estadu Batuetan, Kanadan, Venezuelan, Australian eta Japonian topau leitekez haren margolanak, besteak beste. Nazino Batuen Erakundeak, berbarako, pieza batzuk erosi eutsazan.

Ondare aretoko erakusketarako, ehun pintura baino gehiago batu ditue, Carmelo Bilbao-Unanue, bizitza eta artelanak izenburupean. Horreetako batzuk bildumagile pribaduek lagatakoak dira eta, hortaz, hamarkada askoan ez dira jentaurrean erakutsi. Orain, urriaren 8ra arte, doban ikusi leitekez, Maria Diaz de Haro kaleko aretoan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu