44. Euskal Herriko Jantza Agerketea Basaurin, hilaren 16, 17 eta 18an

Bizkaie! 2016-09-14 09:45   Kulturea

Euskal Herriko Jantza Agerketea orain 44 urte sortu zan euskal folkloreari eusten deutsien taldeak suspertzeko eta ezagutarazoteko asmoz.

Euskal Herriko Jantza Agerketan jantza-talde autoktonoek hartzen dabe parte; holan deitzen jake beren herrietako edota eskualdeetako jantzak gorde dituen taldeei. Talde autoktonoek bertakoentzat esanguratsuak diran egunetan egiten ditue jantzak (herriko jaiak, inauteriak, etab.). Horixe da, izan be, euren ezaugarri nagusia. Beraz, hemen erakusten diran hainbat jantza jatorrizko lekuetan eta egun berezietan baino ezin daitekez ikusi. Halan da be, jatorrizko herrietan jantzan egiteari itxi badeutsie, jantza horreek egiten dituen taldeak be konbidau izan dira inoiz edo behin Basaurira.

Euskal Herriko Jantza Agerketea orain 44 urte sortu zan euskal folkloreari eusten deutsien taldeak suspertzeko eta ezagutarazoteko asmoz.

Basauriko Jantza Agerketea aire zabalean izaten da, jatorriz be jantzak plazetan, kaleetan eta eleizpeetan egiten baitziran. Euskal Herriko Jantza Agerketeak ohitura horreek beren inguruan kokatzen laguntzen dau, tradizinozko erritu eta jantzen antzezpena argiz eta jantzarien herrietako argazkiz horniduta, era horretara ikuskizun koloretsu parebakoa eskainiz.

Euskal Herriko Jantza Agerketearen XLIV. edizino hau 2016ko irailaren 16tik 18ra bitartean izango da. Emonaldi nagusia zapatu arratsaldean izango da, irailak 17, Bizkotxalde parkean (euria egin ezkero, Social Antzokira eroango litzateke). Ekitaldi guztiak doban dira.


Zapatua, irailak 17. Honako hau da aurtengo emonaldi nagusiaren egitaraua:

18:00 Kalejirea. Parte hartuko daben jantza-taldeak kalez kale joago dira Social Antzokitik Bizkotxalde parkeraino, urigunearen erdialdean jantza-saio laburrak eginez.

19:00 Jantza ikuskizunaren hasierea, Bizkotxalde parkeko agertokian, ondorengo taldeakaz: Mendigain (Izurtza) + Etorkizuna (Lekeitio) + Indarra (Gasteiz) + Oinatz (Oñati) + Idauze-Mendiko Jantzariak (Idauze-Mendi, Zuberoa) + Cofradia de los Danzantes de San Lorenzo (Iruñea). Horrezaz gan, Lekeitioko Estudiantina be lehenengo aldiz izango da Basaurin.


Barikua, irailaren 16a

Herri erromeria izango da 19:30etik aurrera Solobarria plazan. Antxinako erromerietako espirituari jarraitu guran, Parte hartu, nahiz eta jantzan jakin ez lemapean, San Migel aldean aspaldian egiten ziran erromeriak ekarri nahi ditue gogora. Herriko jantza-taldeetako musikari eta laguntzaileek hartuko dabe parte eta, Bizkaiko Dantzarien Biltzarraren laguntzaz, herri-jantzak erakutsiko ditue. Aurretiaz, 19:00etan hasita eta jai giroa sortzeko asmoz, zenbait tailer izango dira (birziklatutako objektuez egindako musika-tresnak taiutu, txapak eta erraldoitxuak egin, orri-markatzaileak...).


Domekea, irailaren 18a:

Basauriko bertako jantzarik ezagutzen ez danez, herriko jantza-taldeek ezin dabe parte hartu Euskal Herriko Jantza Agerketearen emonaldi nagusian. Halan da bee, zapatuko jaialdiaren osogarri, domekan, hilak 18, Agintzari, Basauritar eta Edurre jantza-taldeek euren errepertorioko zenbait jantza erakutsiko ditue Bizkotxalde parkean bertan, 19:00etatik aurrera.


Euskal Herriko Dantza Agerketea

Basauriko jantza-taldeek antolatzen dabe Basauriko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babes eta diru-laguntzinoagaz. Horrezaz gan, BBKren eta herriko zenbait erakunderen laguntzinoa be jasoten da (txokoak, Herriko Taldeak, Danbolin Txistulari Alkartea, Sustraiak, San Jose eta Bizkotxalde Ikastetxeak…), baita Bizkaiko Dantzarien Biltzarrarena Be. Ekitaldiaren antolakuntza-lanetan, danetara, 100 boluntario baino gehiago ibilten dira.

Edozelan be, laguntza guztien artean beren-beregi nabarmendu behar da Etor Basabe Basauriko diseinatzaile eta irudigilearena. Izan be, bera baita urtero-urtero, orain dala hamar urte baino gehiagotik, edizino bakotxeko horma-irudiak eta esku-programak diseinetan dituana. Euskal Herriko Jantza Agerketearen antolatzaileok Etor ezagutzen genduan herriko talde bateko jantzaria izan zalako (Basauritar) eta, jaietako Edurre taldeko partaidea be izanik, lonjearen apainketan bete-betean inplikau zalako. Jantza Agerketearen irudia bultzatzeko egiten dituan proposamenen bidez jantzearen alde desbardinak islatzen saiatzen da. Horretarako, interesgarriak iruditzen jakozan argazkietatik eta ilustratzaileakandik hartzen ditu ideak. Aurten, horma-irudi bakarra egin beharrean, sei kartelen bildumea egin dau Etorrek, Euskal Herriko Jantza Agerketearen XLIV. edizino honetan Basaurin izango doguzan sei jantza-taldeen jazkera tradizionalak jasoteko asmoz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu