Claudia Müller artistearen 'Inork ezin dio bultza egin ibaiari' lana ikusgai BilbaoArten

Bizkaie! 2016-09-02 13:29   Kulturea

Claudia Müller txiletarraren Inork ezin dio bultza egin ibaiari gaur, hilak 2, inaugurauko da Bilbon eta zabalik egongo da irailaren 23ra arte.

BilbaoArteko erakusketa aretoak irailean zehar berton produzidutako erakusketea izango dau, Claudia Müller txiletar artistearen Inork ezin dio bultza egin ibaiari. Argazkigintzea, bideoa eta instalazinoa lantzen ditu artista txiletarrak grabidadea edota denporea ikertzeko, eta horretarako ur-isuria erakusketa honen nahitaezko parte bihurtu dau.

2015ean, BilbaoArten artista egoiliarra izandako Claudia Müller epaimahai batek aukeratua izan da bere egoitza artistikoaren emoitzak erakusteko. Inork ezin dio bultza egin ibaiari gaur, hilak 2, inaugurauko da 19:30ean eta zabalik egongo da irailaren 23ra arte, astelehenetik barikura 17:30etik 20:30era.

Inork ezin dio bultza egin ibaiari izeneko proiektua 2015ean hasi zan, BilbaoArten, Uraren Katastroak izenburuagaz, eta bere helburua Bilboko (bere egoitza-lekua) eta Txileko Santiagoko (bere jatorrizko lekua) ibai adierazgarri biren bitartez denporea eta grabidadearen indarra neurtzea da. Erakusketeak ikuslea unibersoaren ordena eta mobiduezintasunagaz aurrez aurre ipinten dau, eta grabidadeak zehazten dauen eguneroko ordena hau begiratzeko konbita egiten deusku.

Mullerren eretxiz, uraren jauskereak eta honek fabrikautako lurralde batetik dauen jatsiereak denporea gelditu edo bultzatzeko dogun ezintasuna irudikatzen dau. Erakusketan instalautako uraren ibilbide diran zirkuitu biek Bilboko ibaiadarraren eta Maipo ibaiaren bi arro hidrografikoen errepresentazinoa dira, eskalan eginak. Pieza bi horreek denpora-neurri bat ezartzen dabe, urak toskazko hodi-sistema batean barrena jausikeran ibilbidea osotzeko behar dauen denporeak emona. Artista txiletarrak azaltzen dauenez, hodi-sistema eskuz egina da, zenbait molde erabilita. Zirkuituan zehar dabilela, ura 10 litroko bidoietara heltzen da eta hor tutu batzuk dagoze punpa elektrikoei konektauta; sistema hidrauliko horri esker, jarioa amaibakoa da, geldia, likidoa grabidadearen eraginez aldatzean behera isuri daiten. Zirkuitu bakotxa elikatzeko dagoan litro kopuruak erabagiten dau zenbat denpora behar dauen urak kanaltxuaren barruan zehar jausteko; pieza bakotxa ibaitxu baten irudira dabil, ur-erreserba jakin batez eta bere izakereari jagokozan baldintzek agortzen dabe: grabidadea, abiadurea eta lurruntzea.

Erakusketeak grabidadea eta denporearen arteko hartu-emonetan sakontzen dau, biraka dabilen eguzki-sistemeak naturan dauen eraginagaz lotuz, kasu honetan ura. Artistearen esanetan, Uraren baldintzapean gagozala ulertzeak bultzatu ezin dogun uniberso baten barruan ikusle hutsak garela ulertzea suponiduten dau.

Claudia Müller (1983) Santiagon bizi da, Txilen, eta han lan egiten dau. 2006an, Arte Plastikoetako lizentziatura-gradua lortu zuen, grabadu espezialidadean, Finis Terrae Unibersidadean. 2007an, Tituluondoko Diplomaturea egin eban Produkzino Grafiko, Fotografiko eta Bideokoan Txileko Unibersidadean. 2009 eta 2011 urteen artean, Fondart bekea jaso eban, eta horri esker, Ikusteko Arteetako Magister ikasketak egin zituan, Ikusteko Arteen espezialidadean, unibersidade haretan.

2013an be Fondart finantziazinoa izan eban SEMIDIURNO proiektua egiteko Dia Ecke Arte Contemporáneo galerian. 2015ean, BilbaoArte Fundazinoaren bekea jaso eban, sei hilebeteko egonaldia egiteko Uraren Katastroak proiektua lantzen, Bilbon; ganera, Ventanilla Abierta Fondartek be finantzau eban proiektua. Aurten, 2016an, BilbaoArte Fundazinoaren saria jaso dau bakarkako erakusketea egiteko: Inork ezin dio bultza egin ibaiari.

Claudia Argazkilaritzako irakasle dabil Txileko Unibertsitatean eta Ikasteko Arteetako Fakultadeko eta Diseinu Fakultadeko Argazkilaritza arloan, Finis Terrae Unibersidadean. Gaur egun, Bitarteko Barrien eskolak emoten ditu Txileko Santiagoko Unibersidade Katolikoko Arte Eskolan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu