Antxinako Musikearen Arabako 34. Asteak 7 kontzertu dakarz

Bizkaie! 2016-09-02 10:08   Musikea

Aurtengo barrikuntza nagusia da, Gasteizen ez eze, Arabako lurraldean zehar be izango dirala kontzertuak: Amurrion, Lantziegon eta Gaubean.

Aurten Antxinako Musikearen Arabako Astean 7 kontzertu izango dira, irailaren 4tik 10era bitartean, eta barrikuntzea izango da Gasteiztik kanpo be izango dirala emonaldiak. Arabako uriburuari jagokonez, kontzertuak Santa Maria katedralean eta Done Petri eleizan izango dira.

Gasteizen, irailaren 6an izango da lehenengo hitzordua, Santa Maria katedralean eta His Majestys Sagbutts and Cornetts talde ingelesaren soinuak entzuteko aukerea izango da. Hurrengo egunean, irailaren 7an, Roberta Invernizzi eta Graig Marchitelliren txandea izango da, Done Petri eleizan. 'Roberta Inbernizzi, duda barike, musika barrokoaren ahotsik nabarmenenetakoa da; soprano ahots garden eta sen dramatiko itzelagaz, zenbait urte daroaz aspaldiko musiken bila, batez be bere herrialdekoak', adierazo dau Joseba Pérez de Heredia Euskera, Kultura eta Kirol Saileko zuzendariak.

Bestalde, hurrengo bi egunetan, kontzertuak Santa Maria Katedralera bueltauko dira, eta irailaren 8an, Fahmi Alqhairen Accademia del Piacere taldeak emongo dau kontzertua, eta, irailaren 9an, Eduardo López Banzoren la Vozes del Ayre taldeak.

Programa ofizialean egon ez arren, Gasteizek beste hitzordu bat izango dau irailaren 3an. Arte Eder Museoan Dolce Rima taldearen emonaldia izango da egun horretan. Kontzertu honetarako, sarrerea librea izango da, aretoaren leku guztiak bete arte.

Kontuak kontu, kontzretuetarako konbidapenak irailaren 1ean banatuko dira Santa Maria Katedralaren atarian, 17:00etatik aurrera. Bakotxak kontzertuko sarrera bi jaso ahal izango ditu.

Gorago aitatu moduan, aurtengo barrikuntza nagusia da, Arabako Musika Astearen 34. aldi honetan, Arabako lurraldean zehar be izango dirala kontzertuak; aurten, Amurrion Dolce Rima taldeagaz gozetako aukerea izango da, San Anton ermitan, irailaren 4an; ondoren, Lantziegon eta Gaubean, Angelicata Consort eta Udasoinu Barroco izango dira, lehenengoa San Azisklo eleizan, eta bigarrena Jasokundearen Andre Mariaren eleizan, Tuestan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu