Getxoko III. Skate Asteak bertoko zein nazinoarteko txapelketak eskainiko ditu

Bizkaie! 2016-09-01 13:54   Kulturea

Datorren zapatuan, hilaren 3an, hasi eta hurrengoan amaituko dan jarduera-programearen helburua,  udalerrian hain errotuta dagoan kirol hau sustatzea eta jente guztiarengana hurreratzea da.

La Kantera Pro Pool Contest txapelketeak Getxo skatearen nazinoarteko erreferente bilakatuko dau beste behin irailaren 10ean, oraintsu sortutako Skate Astearen barruan. Hirugarren edizinoa ospatuko dauen nazinoarteko skatearen ekimenaren formatu barrian tokiko eta goi mailako txapelketak izango dira, bai Areetako pistan baita Arrigunagakoan be.

Datorren zapatuan, hilaren 3an, hasi eta hurrengoan amaituko dan jarduera-programearen helburua, Irantzu Uriarte Turismo zinegotzi getxotarrak ikuskizun honen aurkezpen ekitaldian adierazo dauenez, udalerrian hain errotuta dagoan kirol hau sustatzea eta jente guztiarengana hurreratzea da; horretarako, bai Euskaltel-ek bai jardunaldi hori babesten dogun erakundeok, hau da, Eusko Jaurlaritzeak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Getxoko Udalak, antolakuntza-mailan, bertako skaterren alkarteari emon nahi izan deutsagu protagonismoa Getxo Skate Klubaren eta kirol horretako udalerriko persona ospetsuen inplikazinoari esker. Beraz, atondu daben prograema lehen mailako txapelketek ez-eze, Algorta, Areeta eta Romoko auzoetara helduko diran tailerrek, erakusketek eta klase praktikoek osotuko dabe.

Ekitaldie datorren zapatuan, irailaren 3an, emongo jake hasierea, Basque Pool Series ekimeneko azken frogeagaz; euskal patinatzaile onenetariko hainbat batzen dituan zirkuitua da, eta La Kanteran jokatuko da, 17:00etan hasita.
 
Astelehenean, 5ean, Euskaltelek skate jam bat antolatuko dau Areetako Santa Eugenia plazan eta hor klaseak emongo ditue aldatz txiki batean 11:00etan hasi eta 12:30ak arte. Arratsaldez, 17:00etatik aurrera, argazki erakusketa bat izango da plazan bertan eta 20:00ak inguruan amaituko dan erakustaldi bat be bai.

Skate Astearen lehiaketa-mailak gora egingo dau hilaren 7an, eguaztenean, Areetako skate-parkean bertan egingo baita The Tournament lehiaketea; nazinoarteko patinatzaile onenetarikoak izango dira lehian. Igaz gozau ahal izan zan legez, probearen formatu libreari eta pistearen ezaugarriei esker ikuskizun handia aurreikusi daiteke. Txapelketea 14:00etan hasiko da eta 2.900€ banatuko ditue saritan.  

Skate Astea amaitzeko, zapatuan, hilaren 10ean, La Kantera Pro Pool Contest lehiaketa handia jokatuko da Arrigunagako bowl-ean. Bertan, nazinoarteko skater onenetarikoen ordezkaritza batek, bai master kategorian, baita kategoria profesionalean, maila goreneko txapelketa horretan hartuko dau parte, 10:00etatik aurrera, eta 35.000€ banatuko ditue saritan.

Txus Domínguez, skater getxotarra, Arrigunagako pistearen diseinugilea eta ekitaldiaren antolakuntzako kideak azpimarratu dauenez, La Kantera Pro Pool Contest-ek mundu osoan oihartzun handia izatea nahi dogu. Horregaitik, munduko zirkuituko skater onenak ekarriko doguz, besteal beste, Alessandro Sorgente, Chris Russell, Danny León, Iván Federico eta Kalle Berling. Master kategorian be entzute handiko patinatzaileak etorriko dira, besteak beste, Steve Alba eta Sean Goff, 50 urtetik gorako patinatzaileak, beste skater europear garrantzitsu batzuekaz lehiatuko diranak.
 
Aurreko urteetan lez, jarduera guztietarako sarrerea librea eta dobakoa izango da eta La Kanterako hil honen 10eko lehiaketarako harmailak eta pantaila erraldoiak instalauko ditue, ekimenaz gozau ahal izateko. Ganera, fan-zone bat be egongo da, edade guztietarako ekintzak hartuko dituana. Bai Areetako eta bai Arrigunagako txapelketak zuzenean emongo ditue internet bidez.
   
Jente ugari etorriko dala aurreikusten danez, Irantzu Uriarte zinegotziak aurreratu dau Udaltzaingoak Altube eta Artagan kaleak zarratu egingo dituala ibilgailuentzat, 8:00etatik 20:30era bitartean. Beraz, ikuskizuna ikustera etorteko asmoa dabenei garraio publikoa erabiltea gomendatzen deutsegu. Eta inguru horretako bizilagunei, aldez aurretik eskerrak emon nahi deutseguz, ekitaldiaren antolaketeak eragin leikezan eragozpenak ulertzeagaitik.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu