Ane Labaka eta Nerea Ibarzabal bertsolariak Mexikon izan dira, inprobisatzaileen topaketan

Bizkaie! 2016-09-01 10:58   Bertsolaritzea

Irati Majuelo itzultzaileagaz batera, euskal bertsolarien ordezkari izan dira eta Latinoamerikako hainbat inprobisatzailegaz kantau dabe.

Irati Majuelo, Ane Labaka eta Nerea Ibarzabal, Mexikon egindako saio baten (argazkia: Mintzola) | Ikusi handiago | Argazki originala

Jornada Iberoamericana de niños y jóvenes poetas troveros y versadores dalakoa egin dabe abuztuan Mexikon eta bertan parte hartzeko eskatu eutsien Mintzola Fundazinoari. Ane Labaka lasartearra eta Nerea Ibarzabal markinarra arduratu dira Mexikon bertsolaritzea erakusteaz. Irati Majuelok itzuli dau esandako guztia gaztelaniara, ganerako parte-hartzaileek ulertzeko.

Hamar herrialdetako inprobisatzaileak batu dira topaketan, danak Latinoamerikakoak, euskaldunak izan ezik: Argentina, Kolonbia, Kuba, Panama, Peru, Puerto Rico, Txile, Venezuela eta Mexikoko ordezkariak egon dira Labakagaz, Ibarzabalegaz eta Majuelogaz batera.

Abuztuaren 14an egin eben lehenengo saioa, Queretaro urian. Ondoren, Xichura eta Palomares aldean ibili ziran, Mexikon erreferentzia diran Guillermo Velazquez eta Angel Gonzalez trobadoreen herrietan. Hurrengo hitzorduak honeek izan ziran: Carricillo, Rio Verde, El Refugio, Jalpan eta Agua Zarca. Azken saioa abuztuaren 27an egin eben bertsolariek, Ciudad Vallesen.

Topaketearen barruan jarduera ugaritan parte hartu dabe bertsolariek eta ganerako inprobisatzaileek. Alde batetik, kultura bakotxeko ordezkariek euren kantaerea erakusteko aukerea izan dabe eta, bestetik, danek alkarregaz kantetako tarteak be izan dira. Unibersidadean kontzertu didaktikoak antolatu dira. Era berean, tailerrak emon ditue euskal ordezkariek eta beste herrialdeetakoek emondakoetan parte hartu ahal izan dabe.

Mintzolak beste herrialde batzuetako inprobisatzaileakaz hartu-emona estutzeko martxan ipinitako Kulturartea egitasmoaren barruan dago Mexikoko egonaldi hau. Aurtengo udea oparoa izan da alde horretatik. Izan be, besteak beste, Europa Bat-batean jardunaldiak antolatu dira Donostian, mundu guztiko inprobisatzaileak eta adituak batu dituan topaketa handia.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu