Elgoibarko Mausitxa munduko 50 gaztai onenen artean sartu dabe

Bizkaie! 2016-08-31 08:32   Jan edanak

Erresuma Batuan egin da Great Taste 2016 lehiaketea eta, mundu guztiko 10.000 parte-hartzailetik, Mausitxako gaztaia aukeratu dabe onenen artean.

Maria Jesus Larretxea (Etxetxipia), Iñaki Ansola (Mausitxa) eta Eli Gorrotxategi (La Leze), gaztai sarituak aurkezten (argazkia: Bittor Oroz) | Ikusi handiago | Argazki originala

Epaimahaiko adituek lau hileko dastaketea egin dabe eta abuztuan emon dabe euren ondorioen barri. Hiru kategoriatan banatu ditue aurkeztutako gaztairik onenak. Izar batekoen mailan sartu ditue gaztai gozo-gozoak diranak, izar bi emon deutsiez aparta kalifikazinoa lortu dabenei eta, onenei, parebakoa izendapena lortu dabenei, hiru izar emon deutsiez.

Elgoibarko Mausitxa baserriko Iñaki Ansolaren gaztaiak hiru izar lortu ditu eta, ganera, munduko 50 gaztairik onenen zerrendan sartzea lortu dau. Gorengo mailako produktuak baino ez dira sartzen zerrenda horretan, mundu guztiko 10.000 gaztai aurkeztu dirala kontuan hartu behar da eta. Euskal Herriko hainbat azoka eta lehiaketatan sariak irabazitakoa da Mausitxa, Idiazabal jatorri izendapenaren barruko gaztaia, eta orain nazinoarteko aitamen hau gehitu ahal izango dau bere palmaresean.

Artzai Gazta alkarteko kide da Mausitxa, Hego Euskal Herriko 115 produktore batzen dituan fundazinokoa. Ardi latxaren esneagaz egindako gaztaien produktoreak alkartzen dira hor. Artzai Gaztako beste kide bik be aitamenak jaso ditue Great Taste 2016 lehiaketan: Elizondoko Etxetxipia gaztandegiko Maria Jesus Larretxeak eta Ilarduiako La Lezeko Eli Gorrotxategik bina izar jaso ditue.

Luisa Villegas Artzai Gazta alkarteko koordinatzaileak hauxe adierazo dau: Aurtengoan be lehiaketa entzutetsu honetan Artzai Gaztako hainbat gazta saritu izanak, artzainez eta urteetan zehar egindako lanaz harro sentiarazoten nau, gure gaztaiek nazinoartean lekua daukiela erakusten deuskue.

Nazinoartera begirako bide horretan sakontzeko asmoz, hain zuzen, Artzai Gazta alkarteak bat egin dau beste eragile batzukaz, zemendian Euskadi-Basque Country International Cheese Festival antolatzeko. Donostian izango da hitzordua eta, besteak beste, nazinoarteko lehiaketea egingo dabe. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu