Zinema musikea Donostian, EOS, SGAE eta Zinemaldiaren eskutik

Bizkaie! 2016-08-29 09:17   Musikea

Kontzertuan Alatriste (Agustín Díaz Yanes), Mi gran noche (Álex de la Iglesia), Lobos de Arga (Juan Martínez  Moreno), El ladrón de sueños (Ángel Alonso), Libertarias (Vicente Aranda) eta La pelota vasca (Julio Medem) filmen soinu banden suiteak zein moldaketak eskainiko ditue.

Kontzertua & Proiekzioa lelopean, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak eta SGAE Fundazinoak, aurten be, eta Donostiako Orfeoiagaz batera, musika emonaldia eskainiko dabe irailaren 17an, zapatuan, Belodromoan. Programan Donostiako Zinemaldiaren 64. edizinoan erakutsiko dituen hainbat filmen soinu-bandak izango dira ardatz eta, danetara, 2.700 ikus-entzulerentzako lekua izango da. Eragile guztiak Bratislavako Orkestra Sinfonikoaren fundatzailea dan David Hernando Ricoren zuzendaritzapean izango dira, danak, oholtza benetan herrikoi honetan bat eginez.

Eguerdiko 12:00etatik aurrera izango da, doban, baina konbidapenagaz; berau jasoteko irailaren 10etik 16ra, Zinemaldiak Kursaal Alkargunean eta Okendo Plazan dituan informazino guneetara hurreratzea derrigorrezkoa da, 9:00etatik 20:00etara eta 10:00etatik 20:00etara, hurranez hurran; konbidapen horreek Donostia Turismoa bulegoan be hartu daitekez, astelehenetik zapatura 9:00etatik 20:00etara eta domekan, barriz, 10:00etatik 19:00etara.

Kontzertuaren egitarauak batzen ditu Alatriste (Agustín Díaz Yanes), Mi gran noche (Álex de la Iglesia), Lobos de Arga (Juan Martínez  Moreno), El ladrón de sueños (Ángel Alonso), Libertarias (Vicente Aranda) eta La pelota vasca (Julio Medem) filmen soinu banden suiteak zein moldaketak. Holan, entzungai izango dira Roque Baños, Joan Valent, Sergio Moure, Pascal Gaigne, José Nieto eta Mikel Laboaren musika lanak. Horrezaz gan, pelikuletako eszenen aukeraketeagaz sortutako muntaketearen proiekzinoa gehituko jako zuzeneko musikeari. Muntatze hau kontzerturako beren-beregi sortu dau Carlos Rodríguezek (Morgan Crea). Irudiak 400m2-ko pantaila erraldoian emongo ditue eta Belodromoko eszenatokian izango dira ganera soinu banden egileetariko batzuk.


SGAE Fundazinoa Zinemaldian

Irailaren 16tik 24ra egingo dan Donostiako 64. Zinemaldiaren harian, SGAE Fundazinoak programatutako jardueren artean, datorren irailaren 17an Euskadiko Orkestra Sinfonikoak emongo dauen kontzertua dago. Erakundearen helburua da, Espainiako eta Latinoamerikako zinemea sustatzea, zinemaldiaren proiekzinoa zabaltzea eta Gipuzkoako uriburura joan ezin diran ikusleei ekimena hurreratzea.  

Gauzak holan dirala, irailaren 19tik 25era, Madrileko Berlanga Aretoan (Andrés Mellado, 53 / Sarrera: 3 euro), Donostiako Zinemaldiko Horizontes latinos zikloaren barruan, azken urteetako Horizontes Latinos horren ataleko lanen aukeraketa bat eskainiko da. Zinta horreek osorik edo zatika Latinoamerikan produzidutakoak edo latino-amerikar jatorriko zinemagileek zuzenduak dira, edo eremu edo gai legez munduko ganerako komunidade latindarrak ditue.

Horrezaz gan, erakundeak lehiaketaz kanpoko Made in Spain saila antolatzen dau; bertan, urtean zehar Espainian egindako zinemearen isla diran filmeen aukeraketa bat eskaintzen da, Espainian estreinautako zein estreinau bako lanak izan daitekez eta Zinemaldiaren helburua da film horreei nazinoartean zabaltzeko plataforma bat eskaintzea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu