Festikale jaialdia, abuztuaren 25etik 28ra Zuian eta Zigoitian

Bizkaie! 2016-08-23 10:16   Kulturea

Kaleko arteen nazinoarteko jaialdi horren hirugarren edizinoa izango da aurtengoa. Bost ikuskizun eroango ditu Festikalek Zuiara eta Zigoitira.

Landa inguruneko nazinoarteko jaialditzat aurkeztu dabe Festikale. Izan be, Araba iparraldean, Gorbeiaren altzoan, antolatu dira emonaldiak: Zuiako udalerriko Murgiako udaletxearen plazan eta Zigoitia udalerriko Gopegi herriko Bengolarra parkean.

Bost ikuskizun izango dira guztira, hiru Gopegin eta bi Murgian. Antzezlan bakotxaren hainbat emonaldi antolatuko dira. Euskal Herriko ordezkaria Hortzmuga konpainia izango da. Nola antzezlana eroango dau Festikalera, abuztuaren 26an euskeraz eta 27an, gaztelaniaz. Egun bakotxean zazpi emonaldi egingo ditue segiduan, 19:30ean hasita, Bengolarra parkean.

Abuztuaren 25, 26, 27 eta 28an Artica lana eskainiko dau Ponten Pie konpainiak Gopegin. Publiko guztientzako lan hau testu bakoa da eta egunero bost emonaldi izango dira, eguerditik iluntzera. Gopegiko eskaintzea Tanxarina taldearen Trogloditas lanak biribilduko dau. Hilaren 27an eta 28an emongo dabe hori.

Murgian, abuztuaren 25ean eta 26an, Teatre de Rugissant konpainiaren Tout seul emongo dabe, gaztelaniaz. 18:00etan eta 20:30ean hasiko dira saioak. Amaitzeko, Murgian bertan, Ymedio taldearen Sie7e antzeztuko dabe hilaren 26an eta 27an. Eguerdian eta arratsaldean, ordu laurdenero egongo dira paseak (15 minutuko pieza laburra da).

Bideart Eszena Zigoitia talde antolatzaileko kideek azpimarratu dabenez, Festikale sormenaren topaleku, publiko barrien sortzaile eta esperimentazinorako gune da. Horregaitik, jaialdiagaz batera, sortzaileen arteko topaketea antolatu dabe.

2016/08/25 - 2016/08/28

Zigoitian eta Zuian

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu