Itsasadarrera begira jarriko dira Bilboko Konparsak Aste Nagusian
2016-08-17 12:19 KultureaAurtengo Aste Nagusirako preparau daben egitaraua aurkeztu dabe Bilboko Konparsek. Itsasadarraren ingurua dinamizetako asmoz, puzgarriak ipiniko ditue Erripan.
Bainujantziak, aletak eta uretarako betaurrekoak jantzita agertu dira konparsetako ordezkariak egitaraua aurkezteko ekitaldira. Izan be, errakara salto egin nahi dabe aurtengo Aste Nagusian. Aurreko urteetan pausu txikiak egin dira jaia errekearen ertzetara eroateko (ur jolasak, arrantza eskolea, mastapuntakoa, piraguak...), baina oraingoan jauzi handiagoa nahi dabe. Itsasadarra jaiaren erdiguneetako bat izan daiten, puzgarri erraldoi bat ipiniko dabe Erripako moilan, astelehenetik eguaztenera.
Horrezaz gan, Bilboko Konparsak taldean dagozan 29 konparsek egitarau zabala preparau dabe Aste Nagusiko bederatzi egunetarako. Ume, gazte zein helduentzako jarduerak, egunez eta gauez eta gustu guztietarakoak izango dira. Barikuan, hilak 26, egingo dan Hiri Krosa nabarmendu dabe, jaiak eta kirola buztartzeko orduan eredu bihurtu dalako.
Aurtengo nobedadeetako bat jaigunea marrazteko ekimena izango da, Dibujatolrato Sinparar taldearen eskutik. Gaur egun mundu guztiak sakelako telefonoagaz argazkiak egiten dituan ezkero, ohitura hori alboratu eta jentea marraztera animau nahi dabe, irudien bidez Arenaleko giroa erakusteko.
Urteen joanean ezagun egin diran jarduerak be ez dira faltauko: Goitibeheren jatsierea, aerobithona, arrantza eskolea, lehiaketa gastronomikoak eta abar. Horrezaz gan, konparsa bakotxak egitarau zabala izango dau bere txosnan, bakarka zein guneka: Kontzertuak, tailerrak, ikuskizunak, txapelketak... konparsen arteko lehiaketak ahaztu barik.
Konparsetako ordezkariek gogoratu dabenez, munduan ez dago beste ekitaldirik dobako horrenbeste jarduera batzen dituanik. Aurtengo Aste Nagusian, bilbotarrek eta bisitariek 500 jarduera inguru izango ditue aukeran, doban.
Halandabe, berezitasun nagusia da, jai parte-hartzaile eta herrikoiak dirala, konparsek nabarmendu dabenez. Bederatzi eguneko egitaraua atontzeko, urte guztian konparsakide ugari lanean ibilten dira. Herriak sortutako eta herriak disfrutetako jaiak dira, dinoe Bilboko Konparsek.
Bederatzi egun zoro eta liluragarri dagoz aurretik eta danei disfrutetako deia egin deutsie. Ganera, ohartarazo dabe ez dala ezelako erasorik onartuko jaigunean.
Egitarau osoa, hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!