Maialen Chourrauti omenaldia egin deutsie Donostian

Bizkaie! 2016-08-17 08:40

Rioko Joko Olinpikoetan lortutako domineagaitik, donostiarrek eta Atletico San Sebastianeko taldekideek harrerea egin deutsie. Gero, Cristina Uriarte sailburuagaz egon da.

Etxaniz, Chourraut, Uriarte eta Legarza (argazkia: BAT Basque Team) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bakarkako kiroletan urrezko dominea irabazi dauen lehenengo euskal emakumea da Maialen Chourraut. Kayakeko K1 modalidadean lortu eban hori, final bikaina jokatuta (98,65 segunduko denporea egin eban, bigarrenak baino hiru segundu gitxiago). Hori dala eta, Euskal Herrira bueltan omenaldia egin deutsie bere klubeko, Atletico San Sebastianeko, kideek.

Ekitaldian Donostiako Udaleko ordezkariak izan dira, Eneko Goia alkatea buru. Gipuzkoako Foru Aldundiaren izenean, Denis Itxaso bertaratu da. Ehundazak donostiarren aurrean, Atleticoko neska-mutilek harrerea egin deutsie, arraunak altzauta.

Lau urteko prestakuntzearen ostean, gauzak pentsautako moduan joan dirala adierazo dau Maialen Chourrautek, eta horrek pakea emongo deutsala. Egunero-egunero Rioko Jokoetan pentsau dauela dino, ia obsesino bat bihurtzeraino, eta behin helburua lortuta, gustura dago. Ekitaldiagaitik hunkituta eta harrituta dagoala esan dau lasartearrak.

Ganera, BAT Basque Teameko kide dan ezkero, fundazino horren eta Jaurlaritzearen omenaldia be jaso dau Chourrautek. Kazetarien aurrean agerraldia egin dabe Chourrautek, Xabier Etxaniz entrenatzaileak, Cristina Uriarte sailburuak eta Olatz Legarza BATeko koordinatzaileak.

Sailburuaren ustez, Maialen Chourraut eredua da eta euskal kirolarien maila ona erakusten dau. Etxaniz entrenatzaileak onartu dau gogorra izan dala prestakuntzea eta ekinaren ekinez irabazitako urrea izan dala. Etxanizek bertatik bertara ikusi dau Chourrauten ahalegina, haren entrenatzailea ez eze, senarra be badalako.

Beste alde batetik, BAT Basque Teamek Rio de Janeirora bialdutako ordezkaritzearen balantzea egin dabe fundazino horretako arduradunek. Euskal Autonomia Erkidegoko 24 kirolari lehiatu dira 2016ko Joko Olinpikoetan eta, domina bakarra Chourrautena izan dan arren, hainbat diploma be eskuratu ditue: Ander Elosegik piraguismoan, Tania Calvok, Ion Izagirrek eta Jonathan Castroviejok txirrindularitzan eta Espainiako selekzinoan ibili diran zazpikako errugbiko eta bedar hockeyko euskal jokalariek.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu