Maialen Chourrautek urrezko dominea irabazi dau Rion

Bizkaie! 2016-08-12 08:14

Kayakean, ur bizietako K1 kategorian, lortu dau lasartearrak garaipena, bigarrenari hiru segundu baino gehiago kenduta.

Maialen Chourraut, Rioko podiumean | Ikusi handiago | Argazki originala

Igaz munduko txapeldun izan eta gero, Rio de Janeiroko Joko Olinpikoak begiz jota euki ditu Maialen Chourraut arraunlariak. Londresko Jokoetan brontzezko dominea irabazi eban eta aurten hori hobetzea eta urrezkoa eskuratzea izan da lasartearraren helburu nagusia.

Sailkapen fasean bere mailatik behera ibili eta finalerdietan gitxigatik sartu bazan be, abuztuaren 11ko jardunaldian bikain egon da Chourraut. Lehenengo, egunaren hasikeran, finalerdietan arazo barik sailkatu da finalerako. Ondoren, finalean, erakustaldia emon dau.

Chourrautek jatsieraia perfektua egin dau finalean, Deodoroko ur bizietako zirkuituan. Bere ezaugarrietara ondo egokitzen izan da ibilbidea eta gipuzkoarrak ez dau aukerea pasetan itxi. 98.65 segunduko markea egin dau eta ganerako piraguistek ez dabe aukerarik txikiena be izan horren aurrean. Hiru segundu baino gehiago (101.82) behar izan ditu Luuka Jones zeelanda barritarrak, zidarrezko dominea irabazteko. Brontzezkoa Jessica Fox australiarrarentzat izan da (102.49).

Hirugarren aldiz parte hartu dau Maialen Chourrautek Joko Olinpikoetan eta urtetik urtera emoitzak hobetzen joan da: 2012an, bigarren parte-hartzean, dominea lortu eban lehenengoz, brontzea. Urrea segundu bat baino gitxiagora euki eban. Horregaitik, 2016an, Rion, urrea beste helbururik ez dau izan eta, 33 urtegaz, podiumaren gorengo mailara igon dau. Ganera, beste garaipen batzuk be baditu lasartearrak: Munduko Kopan behin izan da txapeldun eta txapeldunorde beste behin.

Urtarrilean, Rioko hitzordua preparetan ebilela, Bizkaie!-k alkarrizketea egin eutsan Chourrauti (hemen).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu