Gerediagako foru zelaia egunero bisitau ahal izango da

Bizkaie! 2016-07-29 09:47

Informazino panelak ipini ditue Abadiñoko Gerediagako Batzar Etxearen inguruko lurretan, foru zelaiaren garrantzi historikoa erakusteko. Egunero zabalduko dabe eremua.

Gerediagan ipinitako panelak (argazkia: Gerediaga alkartea) | Ikusi handiago | Argazki originala

Durangaldeko Gerediaga alkartearen ekimenez, Bizkaiko Batzar Nagusiek eta Abadiñoko Udalak atondu dabe gunea. Izan be, Merinaldearen antolakuntzearen eta bizitza politikoaren erdigunea izan zan Gerediaga sasoi baten: Eskualdeko eleizate guztietako ordezkariak batzen ziran San Salbador eta San Klemente ermitearen inguruko eremu haretan, Durangaldeko Batzar Nagusiak han egozan.

Foruak desagertu ziranean, 1870eko hamarkadan, egin zan Gerediagan Merinaldeko azken batzarra. Gaur egun, Bizkaiko Batzar Nagusien egoitzetako bat da. Lantzean behin baino ez da eremu hori zabaltzen izan bisitarientzat, Batzar Nagusiei baimena eskatuta. Aurrerantzean, ostera, egunero egongo da zabalik.

Uda sasoian, apiriletik irailera, goizeko 10:00etatik iluntzeko 20:00etara zabalduko dabe Gerediagako foru zelaia, egunero-egunero. Neguan, arratsaldeko 18:00ak arte baino ez.

Bertara doazan bisitariei informazino zehatza emoteko, zazpi panel ipini ditue ermitearen aurreko hormetan. Euskeraz, gaztelaniaz eta ingelesez, azalpen historikoak eta Gerediagako batzarren ganeko datu jakingarriak emoten dira paneletan. Imanol Larrinaga ilustratzaileak egindako irudiakaz osotzen da informazinoa. Ingurua aire libreko museo bihurtu dabela dino Gerediaga alkarteak.

Ganera, beste panel bat be ipini dabe, zortzigarrena. Gerediagako zelaitik ikusten diran mendiak zeintzuk diran esaten da bertan. Durangaldeko mendien ganeko ikuspegi dotorea dago han ingurutik.

Gerediaga alkarteak azaldu dauenez, 2010ean atondutako Merioaren Ibilbidearen geltokietako bat da Gerediagako foru zelaia. Durangaldeko historia ezagutzera emoteko eta eskualdeko ondarea erakusteko sortu zan ibilbide hori. Zortzi geldiune daukaz eta, Gerediagakoan, Merinaldearen antxinako egitura politikoaren barri emoten da. Bisitarientzat egunero zabalik egoteari eta panel barriak ipini izanari esker, Merioaren Ibilbidean dabilzanek esperientzia osoagoa izango dabe aurrerantzean.

Informazino panelak aurkezteko, ekitaldia egin dabe Gerediagako foru zelaian. Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidentea eta eskualdeko hainbat agintari egon dira bertan, baita Gerediaga alkarteko ordezkariak be. Espazio sinboliko hau bizkaitar guztiei zabaltzeko pausu garrantzitsua da, adierazo dau Otaduik. Gure iragana hobeto ezagutzeko eta gure eskubide historikoetan oinarritutako etorkizunean aurrera egiteko balioko dauela ganeratu dau.

 

Ana Otadui, inaugurazino ekitaldian
 
Gerediagako Batzar Etxea

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu