ABAO-OLBEren eta Bilbao Arte Portuaren programazinoak batera sustatuko ditue aurtengo denporaldian

Bizkaie! 2016-07-29 08:44   Musikea

Kontzertu handien zikloa preparau dau Bilbao Arte Portua erakundeak 2016-17 denporaldirako. ABAO-OLBE alkarteak, urtero legez, opera eskaintza zabala dakar. Publikoa erakarteko, batera jardungo dabe.

Zubin Mehta zuzendariak zabalduko dau Bilbao Arte Portuaren zikloa | Ikusi handiago | Argazki originala

Erakunde bien ohiko publikoarentzat, abantailak eta deskontuak egongo dira. Bestetik, bisitariei eskaintzeko pakete osoagoak antolatu ahal izango ditue Bilbao Arte Portuak eta OLBEk alkarregaz. Lankidetzearen helburuetako bat da, hain zuzen, inguruko probintzietako publiko gehiago erakartea.

Oso positiboa izango da alkarlana, Bilbao Arte Portuko eta OLBEko ordezkariek nabarmendu dabenez. Bakotxak bere aldetik, prestigio handiko kontzertu eta ikuskizunak eratu ditue 2016-17 denporaldirako eta, sustapen lana alkarregaz eginda, jente gehiagogana eta publiko barrietara heltzea da asmoa.

Akordioan jaso danez, ABAO-OLBEko bazkideek informazino zehatza izango dabe Bilbao Arte Portuaren kontzertu zikloaz eta sarrerak eskuratzeko erraztasunak eta deskontuak lortuko ditue. Bestetik, Bilbao Arte Portuaren abonua daukienek, merkeago erosi ahal izango ditue operako sarrerak.

ABAO-OLBEren 65. denporaldia urriaren 22an hasiko da, Euskalduna jauregian eskainiko dan Lucrezia Borgia opereagaz. Ohiko moduan, ABAO-OLBEren 2016-17koa be, inguruko herrialdeetako opera denporaldi onenetako bat da, obren kalidadeari eta ekarritako artisten ospeari jagokonez.

Gaetano Donizettiren Lucrezia Borgia emon eta gero, honeek izango dira denporaldiko ganerako operak: Zemendian La Cenerentola (Gioacchino Rossini), urtarrilean Stiffelio (Giuseppe Verdi), zezeilean Don Giovanni (Wolfgang Amadeus Mozart) eta maiatzean Umberto Giordanoren Andrea Chenier

Beste alde batetik, Bilbao Arte Portuak lehenengoz antolatuko dau kontzertu handien zikloa, irailaren 16an hasita. Zubin Mehta zuzendari dala, Maggio Musicale Fiorentino orkestreak konpositore klasikoen hainbat pieza joko ditu egun horretan. Beste bost kontzertu be egongo dira denporaldian.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu