Hainbat estilotako bost kontzertu, Bermeoko Musika Astean

Bizkaie! 2016-07-28 10:34   Musikea

Abuztuaren 1etik 5era egingo dan Musika Astean, Alos Quartet, Bilbo Sax Quartet, Carlos Goikoetxea, Patricia Kraus eta Bermeoko Abesbatza izango dira protagonista.

Susana Regidor eta Aingeru Astui | Ikusi handiago | Argazki originala

Bermeoko Udaleko zinegotzi Aingeru Astuik eta kultura teknikari Susana Regidorrek emon dabe Musika Astearen 31. edizinoaren barri. Aukera zabala eta kalidadezkoa izango dala azpimarratu dabe. Estilo ugaritako talde eta bakarlariak ekarten ahalegindu dira.

Kontzertu guztiak doban izango dira, abuztuaren 4koa izan ezik. Egun horretan, Bermeoko Kafe Antzokian, Patricia Krausen emonaldia egongo da 20:00etan. Alfredo Kraus aitaren moduan, Patricia Kraus be abeslaria da. Musika klasikoan formakuntzea daukan arren, errepertorio modernoa landu dau azkenaldion. Kontzerturako sarrerak salgai dagoz Gizarte eta Kultura Etxean, bost euroan.

Ganerako emonaldiak Santa Maria eleizan izango dira, doban. Abuztuaren 1ean, zikloari ekiteko, Alos Quartet harizko tresnen laukoteak joko dau. Garden disko barriko doinuak izango dira emonaldiaren ardatza.

Bilbo Sax Quartet, abuztuaren 2an Bermeon joko dauen taldea, saxofoien talde modularra da. Atzera begiratzeko aukerea eskainiko dau, 1960, 70 eta 80ko hamarkadetako doinuak protagonista izango diralako.

Abuztuaren 3an, Carlos Goikoetxea piano-jolearen txandea izango da. Oso gazte hasi zan Goikoetxea pianoa joten orkestretan, eta dagoeneko sari garrantzitsuak irabazi ditu eta diskoak be argitaratu ditu.

Hilaren 5ean, bermeotarrentzat berezia izango dan emonaldi batek zarratuko dau aurtengo Musika Astea. Izan be, Bermeoko Abesbatzaren doinuak entzun ahal izango dira, talde horren 60. urteurrenean. Karmele Barrena zuzendari dala, musika sakroa landuko dau koruak Bermeoko kontzertuan. Modu horretan, sei hamarkadako ibilbidea herritarrakaz ospatu ahal izango dau Bermeoko Abesbatzak.

Kontzertuokaz disfrutetera animau ditue herritar guztiak Astuik eta Regidorrek. Eskaintza zabala eta askotarikoa preparau dabela dinoe, kalidade handikoa.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu