Donostiako Jazzaldiak 175.000 entzule izan ditu, sekula baino gehiago

Bizkaie! 2016-07-27 10:59   Musikea

Miguel Martin Jazzaldiko zuzendariak arrakastatsutzat jo dau aurtengo edizinoa, bai musikarien kalidadearen aldetik eta baita jentearen erantzunagaitik be.

Diana Krall, Donostian (argazkia: Lolo Vasco/Heineken Jazzaldia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Mende erdia baino gehiago daroa Donostiako Jazzaldiak bere alorrean erreferentzia izaten. Aurtengoa 51. edizinoa izan da. Halandabe, aurreko ekitaldi guztietako markak apurtu ditu 2016koak, entzule kopuruari jagokonez behintzat. Antolatzaileek emondako datuaren arabera, 175.000 persona joan dira kontzertuetara. Horreetatik 19.000 pasautxu, sarrera ordaindu beharreko emonaldietan batu dira.

Aurrikuspen guztiak gainditu dituela nabarmendu dau Miguel Martin Jazzaldiko zuzendariak: Uria jentez ganezka egon da eta bisitariek harrera beroa egin deutsie egitarauari.

Kontzertu baten baino gehiagotan sarrera guztiak saldu dira, tartean Ellis eta Branford Marsalisen eta Diana Krallen emonaldietan. Dobako saioen artean, Zurriolako Agertoki Berdea izan da jentetsuena eta, han, Gloria Gaynorrek 45.000 entzule inguru izan zituan. Ganerako eszenatokietan be entzule asko egon dirala azpimarratu dau Miguel Martinek.

Aurten lehenengoz erabilitako eszenatokietan be, adibidez Konstituzino plazan, gauzak ondo joan dira. Hartara, hurrengo edizinoetan barriro egongo dira kontzertuak leku horreetan, ia ziur, Martinen esanetan.

Antolatzaileak, beraz, pozik dagoz entzule kopuruagaz, sekulako gehien izan dira aurten. Kontzertuen kalidadeagaz lotu dabe arrakasta hori. Urte askoan gogoratuko diran kontzertu batzuk egon dirala aurten uste dau Martinek. Diana Krallek Jazzaldiaren azken egunean Trinidade plazan emondako kontzertua gogora ekarri dau jaialdiko zuzendariak, entzuleen eta artistearen artean konexino berezia sortu zalakoan.

Aukeran, jente gehiegi egon zan Krallen kontzertuan (2.600 lagun) eta kexak egon dira deserosotasunakaitik edo batzuek ez ebelako eszenatokia ondo ikusten. Miguel Martinek pisua kendu deutse arazo horreei.

Datorren urtean, garagarrilaren 20tik 25era egingo dabe Donostiako Jazzaldiaren 52. ekitaldia.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu