Jazza ekarriko dau Guggenheim Museoak Bilboko Aste Nagusira

Bizkaie! 2016-07-26 12:01

Abuztuaren 23tik 26ra, BBK Jazz Guggenheim Gauak programeak hartuko dau museoko atrioa. Bertara hurreratzen diran entzuleek, kontzertuez disfrutetako, erakusketak ikusteko eta trago bana edateko aukerea eukiko dabe.

Guggenheim Museoak azaldu dauenez, jazzaren nazinoarteko artista gailenak ekarriko ditue Bilbora. Guztira, lau emonaldi izango dira, beste horrenbeste gautan. Modu horretara, museoak bat egingo dau 2016ko Aste Nagusiagaz.

Lehenengo kontzertuan, abuztuaren 23koan, Yuvisney Aguilar & Afro-Cuban Jazz Quartet taldea konbidauko dabe Guggenheimera. Laukote horren oinarri musikala baltza, uritarra, mestizoa eta gaur egungoa dala dinoe zikloko arduradunek. Melodiei laguntzen, abeslari talde bat be egongo da laukoteagaz batera.

Abuztuaren 24an, ostera, Scott Hamilton Quartet izango da Bilbon. Hamilton gaur egungo saxofoi jolerik entzutetsuenetako bat da. Modak eta etiketa guztiak albo batera lagata, nortasun handiko ibilbidea bete dau Hamiltonek, 1960ko hamarkadan bakarlari hasi zanetik.

Biharamunean, hilak 25, Maureen Choi Quartet-ek girotuko dau Guggenheim Museoko gaua. Maureen Choi amerikarrak bibolina joten dau eta haren alboan izango dira Daniel Garcia Diego (pianoa), Mario Carrillo (kontrabaxua) eta Michael Oliveira (bateria).

Amaitzeko, abuztuaren 26an, Roberto Gatto italilarrak gidatutako laukoteak joko dau. Bateria-jole ospetsu horren hiru taldekideak espainiarrak dira: Javier Vercher (saxofoi tenorea), Moises Sanchez (pianoa) eta Renier Elizarde (kontrabaxua). Gatto 1975etik dabil mundu guztian musikea joten eta, besteak beste, filmetako soinu-bandetan parte hartu izan dau.

BBK Jazz Guggenheim Gauak programako emonaldietara doazanek musikeaz eta arteaz disfrutau ahal izango dabe. Izan be, emonaldiak martxan dagozan artean, entzuleek museoko erakusketak bisitau ahal izango ditue: Andy Warhol, Parisko Eskolea, Eija-Liisa Ahtilaren bideo-instalazinoa eta abar izango ditue aukeran. Gaueko 23:15etatik goizaldeko 02:00ak arte izango dira emonaldiak. Museoaren Lagunek merkeago erosi ahal izango ditue kontzertuotarako sarrerak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu