Xabier Goienetxe: 'Derioko Baserri Antzokiak irailaren hasieran zabalduko ditu ateak'

Koldo Isusi Zuazo 2016-07-18 08:16   Barriketan

Txorierriko Baserri Antzokia Fundazinoko burua

Totoan Txorierriko Euskara Alkarteen Federazinoak orain dala lau bat urte aurkeztu eban Derion Baserri Antzokia (BAN) eregiteko asmoa, Derioko antxinako seminarioren atzean, Bizkaiko Parke Teknologikoan. Proiektua Txorierriko Zerbitzuen Mankomunidadearen parte-hartzeagaz sustatu eben, eskualdeko euskaltzaleen topagunea izateko helburuagaz. Lehenengo fasean Baserri Antzokia Fundazinoa sortu, beharrezko izapideak egin eta babes ekonomikoa lortzea izan ziran pausuak. Kontua da ze proiektuaren barri emon ebenetik hona hamaika lan eta egokitze egin behar izan dituela, nagusiak eraikinari berari jagokoz. Hasierako baserriak 2.000 metro koadro eukazan, eta 2,4 miloe euroko kostua. Proiektuaren sustatzaileek ez eben hain eraikin handia egiteko asmorik, baina bertan emotekoak ziran zerbitzu guztiak kontuan hartuta, beharrezkotzat jo eben gune zabal bat eregitea. Baina krisi ekonomikoak eragina izan eban banketxeen jarreran, eta dana emotetik ezer ez emotera pasau ziran. Egoera barrira egokitu behar izan eben, eta barriro hasieratik hasi.

Arazoak arazo, laster zabalduko ditu ateak Derioko Baserri Antzokiak sei udalerri txikiko 20.500 herritarrei zein kanpotik lanera datozen guztiei be zerbitzua emoteko asmoagaz.


1.- Derion Baserri Antzokia eregi behar ebela 2012an edo jakin genduan eta ordutik hona krisia eta makinatxu bat gorabehera izan badira be, uda honetan edo beranduen jota irailean zabaltzea da asmoa. Zer pasau da tartean?

Gorabehera handiak izan dira bai. 2010ean edo ekin geuntsan proiektuari, hor buelta horretan hasi ginan idea lantzen, orduko alkate Lander Aiarzagaz batera. Totoan Txorierriko Euskara Alkarteen Federazinoagaz eta Txorierriko Zerbitzuen Mankomunidadeagaz batera Baserria Antzokia Fundazinoa sortu eta pausu asko emonda geunkazala krisiak gogor jo eban eta asmoetan eta aurrekontuan behera egitea tokau jakun, goikaldea eta behealdea kendu geuntsozan eraikinari eta 850 bat metro koadro inguru ditu egun; hasierako bi miloe euroko kostua erdira ekarri dogu baina argi itxi gura dot aurreikusitako ekintza eta zerbitzu guztiak eskainiko doguzala. Lau gauza txiki kenduta, eginda dago eraikina, inaugurazinorako prest.


2.- Badago esaterik ateak noiz zabalduko dituan?

Obra nagusia eginda dago, txikikeria batzuk baino ez dira falta baina baimen batzuk behar doguz eta horreen zain gagoz. Ezustekorik ezean, hil honen amaieran ez bada, inaugurazinoa abuztuan egitea ia egokia dan aztertu beharko dogu eta bestela irailaren hasierarako itxi, hilaren 8rako edo.


3.- Krisia eta bankuakaz eta izandako tirabirak ahaztuta, gaur egun bankuen eta ELKARGIren jarrerea zein da?

Baserri Antzokia eregiteko lurzatia Derioko Udalak laga deutso Baserri Antzokia Fundazinoari eta hori sano garrantzitsua izan da. Ganerakoan, Elkargik tasazino bat egin euskun proiektuarena eta eraikuntzearena eta hori egin ostean, hau guztia bideragarria zala ebatzi eban. Laguntzino edo babes horregaz lortu genduan bankuak be maileguak emoteko prest azaltzea eta arlo ekonomikoan arazoei aurre egitea. Edozelan be, hori proiektuaren % 60 inguru edo izango da eta falta dan ganerako % 40 hori, euskaltzaleon artean ipini dogu beren-beregi sortutako eta interesa dauen edozeinentzako zabalik dagoan inbersino plan baten bitartez.


4.- Totoan Txorierriko Euskara Alkarteen Federazinoagaz, Derioko Udalagaz eta Txorierriko Zerbitzuen Mankomunidadeagaz batera, partikularrak eta enpresak be badagoz sustatzaileen artean eta bazkide kanpainea be abiarazo zenduen. Zenbat bazkide zarie gaur egun?

Baserri Antzokia Fundazinoa erakunde independentea da egun eta bai egia da bazkide kanpainea abiarazo genduala 2011. urtean; 140 lagun inguru eta 50 bat enpesa batu ziran gurera baina orain, datorren hilean, abuztuan ekingo deutsagu barriro bazkide kanpaineari. Helburua da 400 partikular inguru, 20 bat komertzio, 10-15 enpresa handi eta 120 bat enpresa txiki batzea gurera.


5.- Zeintzuk dira Baserri Antzokiaren helburuak?

Gizarte oso baten proiektua da hau; aspaldi gabiz euskalgintzan, Lainomendi Dantza Taldea sortu genduan Derion, gero 2001ean, Aikor aldizkaria, Txorierri osoan doban zazpi mila ale banatzen dituana, aikor.com webgunea, Berbalagun proiektua eta hor gabiz. Halan da be, zeozeren faltea hartuta pentsau genduan Baserri Antzokiarena, beste tresna bat, beste elementu bat izango da gure helburuak beteteko, hau da, euskerea eta euskal kulturea sustatzeko; esangura horretan, lau arlo jorratuko doguz, gizartea, erakundeak, enpresak eta laugarrena turismoa. Egitasmoak kulturaren eta giro euskalduneko aisialdiaren erreferentziazko topagune izatea dau helburu.


6.- Ze zerbitzu izango da Baserri Antzokian?

Kafe Antzokietan eskaintzen diran ohiko zerbitzuez aparte, tabernea, otordu eta enparauakaz batera, astelehenetik barikura, goizeko 07:00retatik arratsaldeko 18:00rak bitartean, enpresak izango dira gure ardurea eta ordu horretatik aurrera eta astegoienetan gizartea eta turismoa.

2.000 enpresa inguru dagoz Txorierrin eta enpresen arteko hartu-emonetan laguntzea da gure asmoetako bat, gazte ikerlari asko dago hemen eta horreei lekua eskaini gura deutsegu; gizarteari begira, herritarrei gune euskalduna eskainiko deutsegu eta erdaldunak be erakarri gura geunkez.


7.- Kafe Antzokiaren eredua aspaldi zabaldu zan gurean baina Baserri Antzokiarena barritzailea da. Deriokoa Euskal Herriko lehenengoa izango da. Zelan otu jatzuen?

Gure helburuak bete ahal izateko eta bizi garen inguruan bizita, zeozer desbardina behar genduan. Hasiera-hasieran sortu genduan Fundazinoa eta lau estamentu batu genduzan, erakundeak, enpresak, alkarteak eta gizartea. Eta horreei danei zerbitzua emoteko eta gure helburuak beteteko kafe antzoki hutsa baino zeozer gehiago behar genduan, kafe antzokiaren ereduari behar eta merezidu dauen balioa autortuta, jakina. Baina euskerea eta euskal kulturea areto zarratu batetik kanpora be atera behar genduala argi geunkan, antzezlanak, erakusketak, txakolin dastaketak, turismo jarduerak, jai giroa, herri kirol ikuskizunak eta abar bideratu ahal izateko eta horregaitik abiarazo genduan hau guztia.


8.- Baserri Antzokiaren kudekeatea nork egingo dau?

Horretarako dago irabazi asmorik bako Fundazinoa eta horren barruko patronatoa. Ostalaritza kontuak profesionalen esku egongo dira eta ganerakoan, kudeaketea Fundazinoak egingo dau. Lantaldean, gehienak Txorierrikoak izango dira baina badira Galdakao, MuXika eta Bilbokoak be; egia esan, euskal beharginak topetea ez da lan erraza izan baina egin doguz ahaleginak eta orain lanean hastea, besterik ez da falta.


9.- Inaugurazino egunerako ezer berezirik atondu dozue?

Bai. Inaugurazino bi aurreikusi doguz, bat ofiziala, erankude eta enpresetako ordezkariakaz eta, bestea, publikoari begira. Azken orduko gorabeherarik ezean, irailaren 8an egitea espero dogu eta okasinorako, ohiko ekitaldi ofizialaz gan, Taberna Ibiltaria taldearen lana eskainiko dogu.


10.- 2010. urtean hasi eta sei urte geroago amaituko dan prozesu luzean makinatxu bat burukomin eta estutasun pasau ostean, berbioak pasau dira?

Ateak zabaltzen doguzan egunean be beste ardura eta burukomin batzuk etorriko jakuz ganera, bihar-etzi zer pasauko ete dan eta abar. Edozelan be, pozik egoteko arrazoiak badaukaguz eta eskerrak emoteko tartea be hartuko dot, izan be, babesa emon deuskuen Txorieriko enpresa handi, txiki zein partikularrak, Txorierriko Mankomunidadeko udalak eta Deriokoa beren-beregi,  Bizkaiko Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritzea eta BBK Fundazinoa ondo gogoan daukadaz, euren laguntzino barik Baserri Antzokia ezinezkoa izango zalako.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu