Python programazino informatikoaren erdigune izango da Bilbo

Bizkaie! 2016-07-15 13:44   Kulturea

Bigarren urtez jarraian, Bilbon egingo da EuroPython kongresua, Bilboko Euskalduna Jauregian garagarrilaren 17tik 24ra.

Kode edegiko programazino lengoaiari buruzko topaketan berbaldi espezializatuak, tailerrak, mahai-inguruak eta aurkezpen praktikoak eskainiko ditue nazioarteko adituek. Igaz Bilbon, 1200 aditu batu ziran eta aurten antolatzaileak 1.500 parte-hartzaile inguru erakartea espero dabe, horreetatik % 90 nazinoartetik etorriak. Beste askoren artean, Google, Intel, Amazon, Microsoft edota Red Hat enpresetako ordezkariak izango dira gurean.

Python kode edegiko programazino lengoaia bat da, sinplea eta malgua, plataforma anitzekoa, eta sistema operatibo desbardinakaz (Windows, iOS eta Linux) erabil daitekeena. Startup eta ETEek erabilten dabe, baita enpresa handiek be, besteak beste, Google, Facebook, Yahoo, NASA, Disney, Ubuntu eta Red Hat erraldoiek. Bilboko aurtengo topaketan parte hartuko dabe aitatu multinazional horreetako ordezkariek.

Topaketako egitarau zabalak sei keynote nagusi izango ditu eta esparru desbardinetako adituek berbagai izango dabe Python lengoaiak sektore anitzetan dauen balioa eta indarra. Nicholas Tollervey-k erakutsiko dau zelan erabilten dan MicroPython umeentzako bit dispositibo programagarrian; Jameson Rollins-ek azalduko dau zelan erabili dan programazino lengoaia hori grabidade-uhinak existiduten dirala frogatzeko; eta Naomi Ceder Python-ek lengoaiaren inguruan sortu dan komunitatearen barri emongo dau.

Era berean, berbaldiotan, aitatu lengoaiaren aplikazinoa Disney etxearen animazinozko pelikuletan gaia be jorratuko dabe. Danetara, 200 aurkezpen, berbaldi eta ikastaro inguru egingo dira EuroPython kongresuan, 180 hizlariren eskutik.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu