Jose Ibarrolak 'Cuestión de tiempo' jarri dau ikusgai Bilboko Rekalde aretoan

Bizkaie! 2016-07-14 09:12   Kulturea

Erakusketan José Ibarrolaren (Bilbo, 1955) 126 obra dagoz ikusgai, lan monografikoa da eta artistea Quattrocentora hurreratzen da, artearen eta kulturearen garaikidetasunetik.

Cuestión de tiempo izenburuko erakusketan José Ibarrolaren (Bilbo, 1955) 126 obra dagoz ikusgai; lan hori monografikoa da eta artistea Quattrocentora hurreratzen da, artearen eta kulturearen garaikidetasunetik. Garai historiko horretako hainbat pintura eta egile ezagunen interpretazino laiko eta subjektiboak dira.

Erakusketan 126 obra dagoz, formatu ertain eta handiko pinturak, formatu txikiko eskultura eta marrazkiak (horreek danak azken hiru urteotan egindakoak). Talka bat ezartzen da eskulturen eta pinturen artean, horreen mutazino dimensionalaren eta aldaera ikonografikoen artean, iragazkortasunaren eta denpora-erlatibotasunaren artean.

Eskulturea izan zan Ibarrolaren arte-jarduerearen hasierako ezaugarria, eta geroago Ibarrolak eskulturak egin zituan koadroetan margotutako elementuak oinarri hartuta; halan da guztiz be, gaur egun eskulturak pinturetara aldatzen ditu joan-etorriko alkarrizketan.

Ibarrolak berak topautako zein birziklautako objektuak erabilten ditu eskulturetan, eta hori aukera estetiko baten ondorioa da.

Erakusketaren harian, katalogo bat argitaratu dabe bai artistearen beraren testuakaz, bai Maite Nájera Burónen lanakaz.

Erakusketeak bart zabaldu ditu ateak, eta urriaren 16a arte bisitau ahal izango da. Rekalde aretoaren ordutegia ondokoa da: martitzenetik zapatura, 10:00etatik 14:00etara, eta 17:00etatik 20:30era; eta domeka eta jaiegunetan, 10:00etatik 14:00etara (astelehenetan aretoa zarratuta egongo da).


José Ibarrola

1955. urtean, Bilbon jaioa, Bilbon bizi da eta berton egiten dau lan. 1972an, lehenengo aldiz hartu eban parte artearen talde-erakusketa baten. Ordutik hona, bai bakarrik, bai taldeka, erakusketak egiten ditu, eta badaukaz obrak hainbat galeria, erakunde edo museotan. Lankidetzan be ibilten da eta hainbat hedabidetan ilustratzaile edo narratzaile grafiko lanak egiten ditu; era berean, margolari, eskultore eta ilustratzaile lanak egiten ditu eszenografo-lanakaz batera, eta arte-zuzendari legez egiten dau lan antzerkirako, ekitaldietarako, zinemarako edo telebistarako hainbat ikuskizunetan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu