Larraitz Zuazo zinemagile bilbotarrak 'Nosotras, mujeres de Euskalduna' lana ZINEBI jaialdian estreinauko dau

Bizkaie! 2016-07-13 13:02   Zinemea

Dokumentalak, Euskalduna Ontzioletako Emakumeek (AME), ontziolen biziraupenaren alde, 1983 eta 1988 urteen artean Bilbon aurrera eroan eben burrukearen gomutea berreregiko dau.

ZINEBI, Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Jaialdiak aurrera jarraitzen dau produkzino propioaren eta euskal ikus-entzunezko lanen sustapenaren aldeko apustuagaz, oraingo honetan Larraitz Zuazo zuzendari bilbotarrak zuzenduko dauen proiektu dokumental barriagaz. Jaialdiak sustatzen dauen laugarren lana da, Errautsak, Distantziak eta Bilbao Bizkaia – Exterior Día film kolektiboen ondoren.

Nosotras, mujeres de Euskalduna dokumentalak, Euskalduna Ontzioletako Emakumeek (AME), ontziolen biziraupenaren alde, 1983 eta 1988 urteen artean Bilbon aurrera eroan eben burrukearen gomutea berreregi nahi dau. Beste mueta bateko akordua, burruka galduaren zamatik harago, langileen burrukan parte hartze zuzena izatetik sortu ziran kontzientzia hartzea eta ahalduntzea, eta ia erabat gizonezkoek osotutako ingurune haretan, emazte eta ama baino gehiago emakume izatearen eta norberaren burua emakume lez aldarrikatzearen zailtasuna erakusten deuskuna.



Territorios y Fronteras proiektuaren ekimenez ZINEBIk produziduten dauen dokumentalak ETBren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzinoa be badauka, eta helburua, desagertzen doan Bilbo horren gomutearen parte bat berreskuratzea da. Horrezaz gan, oso modu berezian egin nahi dau, orain arte eremu horren inguruan zabaldutakoagaz zerikusi handirik bakoa, ikuspuntua eta narrazino ardatza aurkeztuz: lantegiaren eta lanpostuaren defentsan langileen burrukeagaz bat egin eben emakumeena.

Emakumeen burruka ha 1984ko udagoienean hasi zan gorpuzten, eta momentu gorena, zemendiaren 30ean ontziolan bertan egin eben 24 orduko itxialdiagaz heldu zan. Halan da be, historiaren ikuspuntutik garrantzirik bakoa dirudien ekintza horrek, denporearen dimensinoa gainditzen dauen eta garai haretako eta gaurko gizarteaz berba egiteko aukerea emoten deuskun balio sinboliko handia baltzen dau.

Larraitz Zuazo zinemagile bilbotarrak zuzentzen dau errodatze prozesuan dagoan eta zemendiaren 18tik 25era egingo dan ZINEBIren hurrengo edizinoan estreinauko dan dokumentala. Larraitz Zuazok 10 urte baino gehiago daroaz ikus-entzunezkoen munduan. Bere lehenengo dokumentala, POR, 2004an zuzendu eban, Bartzelonako Unibersidade Autonomoan Sorkuntzako Dokumentalaren Teoria eta Praktika Masterra amaitu eta gero. Beti egon da dokumentalaren munduagaz lotuta eta ondoko proiektuetan hartu dau parte egile eta muntatzaile lez: Ordago a la Pequeña (2016), Itsasoari Begira (2015), Distantziak (2015), Errautsak (2014), Lantanda (2014), Nuptse eta Logtse; gailurretik haratago (2014), Encuentros de las mujeres escritoras de Donostia, 25 aniversario (2012). Era berean, lan asko egin dau telebistan, eta medio horretan egin dituan proiektu azpimarragarrien artean ondokoak nabarmendu daitekez: Herri People (2015), Ongi Etorri (2013), Kerman Mintzalagun Bila (2008-2010) eta Betizu (2005-2008).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu