Martxan da Europa bat-batean

Bizkaie! 2016-07-12 08:53   Bertsolaritzea

Hilaren 14an, Xenpelar Dokumentazino Zentroak garatutako Kulturartea Mapea, munduko kantu inprobisatuaren datu-basea ezagutarazoko da.

Astebeteko bideari bart ekin deutso Europa bat-batean Kantu Inprobisatuaren Nazinoarteko Topaketeak. Astelehenetik barikura bitartean jardunaldi akademikoak izango dira goizez Miramar Jauregian eta saioak arratsaldez Donostiako hainbat tokitan, Donostia 2016k eta Mintzolak alkarlanean antolatuta, eta UPV/EHU Uda Ikastaroakaz jardunaldi akademikoen kasuan.

Miramar Jauregiko Julio Caro Baroja aretoan izan dira berbaldiak. Mintzola Ahozko Lantegiko Karlos Aizpuruak egin ditu anfitrioi lanak eta ondoren, Egoitz Zelaiak hartu dau berbea eguneko lehen hizlaria aurkezteko. Josep Vicent Frechinak Herrialde Katalanetako kantu inprobisatuaren aniztasuna erakutsi dau; Valentziako albaes-etik hasi eta Mallorcako cançons de ximbomba-raino begiratu osoa eskaini dau valentziarrak, trovoa, jotea eta glosea be aitatuz. Egun adierazpide horreek dituen erakusleihoak be aitatu ditu alkarte, ekitaldi eta argitalpenak, kasu; baita, barikuan Albert Casalsek modu berezituagoan aurkeztuko dauen Corrandescola eskoletako proiektua.

Thomas Nussbaumerrek, Music University Mozarteum Salzburgeko etnomusikologo eta doktoreak, gstanzl adierazpidea ezagutarazo deusku. Adierazpidearen izen eta jatorritik abiatu da, horretarako XVIII. menderaino eroanez. Ospakizunetan, batez be ezkontzetan, erabiltaen dan kantua da eta txapelketak be egiten ditue: Red Bull Gstanzl Battle horreetan nabarmenena. Ganera, erakustaldia egin dabe Norbert eta Hans austriar gstanzlsängerrek bertso jarri bat erabiliz.

Jose Sanchez Conesak Cartagenako trovoa azaldu dau eta horretan Marín, Castillo, El Minero eta beste zenbait protagonisten estrofak berreskuratu ditu. Trovalia izeneko jaialdiaz be egin dau berba Conesak; Cartagenen antolatzen dan topagune honetan gaztelaniaz berba egiten diran mundu osoko inprobisatzaileak batzen dira.

Beñat Krolem Zipreko ordezkaritzeak hartu dau oholtzea gero; Ktima Folklore Alkarteko kideak izan dira, arropa tradizionalakaz jantzita; horreen artean inprobisatzailea be badan Marios Poullasek egin ditu hizlari lanak. Irlan darabilten tsiattista adierazpidea jorratu dau zipretarrak, batez be 2017an Europako Kultur Uriburua izango dan Paphos uriburuaren inguruan arreta jarriz. UNESCOk ondare ez-material izentau zituan tsiattistea eta bere aldaera desbardinak, ahots deiturikoak, sailkatu eta erakutsi ditu Zipreko ordezkaritzeak zuzenean kantauta.

Thierry Rougier frantziarrak Brasilgo Ipar-ekialdera eroan gaitu, hango repente artea eta coquisten jardunaz egin dau berba, horreen sorkuntzea eta egiturak azalduz eta han bertan egindako ikerketan grabautako audio zein argazkiak buztartuz.

Azkenik, Beñat Krolemek Oholtza, bertsolaritzea eta irudia erakusketa aurkeztu dau. Mintzola Ahozko Lantegiak eta Mikel Laboa Katedreak esleitutako proiektu sariari esker eta Lankuren bidez garatu dau Oholtza erakusketea Krolemek. Aste osoan izango da ikusgai bertsoa eta oholtzaren formak lotzen dituan erakusketea.

Lehenengo egunean, eguraldia ez da izan lagun, eta portuan izan behar eban emonaldia aquariumean izan da azkenean. Kuba, Gales eta Zipreko ordezkaritzak izan dira kantuan, Amets Arzallus eta Andoni Egaña bertsolariakaz.



Kulturartea Mapea aurkeztuko da laugarren egunean

Europa bat-bateanen barruko jardunaldi akademikoetan, garagarrilaren 14an, Xenpelar Dokumentazino Zentroak garatutako Kulturartea Mapea, munduko kantu inprobisatuaren datu-basea ezagutarazoko da. Mundu osoko adituak, ordezkariak zein aste osoan zehar parte hartuko daben inprobisatzaileak izango dira Kulturartea Mapearen aurkezpenean.

Aurretik, bertsolaritza munduan kokatzeko emondako laguntzinoagaitik, Oral Poetry eta John M.Foley ikertzailea zana be aintzat izango ditue eta beren ekarpenek be tartea izango dabe egun horretan.

Egunari Bertsolaritza, gizateriaren ondare ez materiala izeneko berbaldiagaz ekingo deutsie. Bertan parte hartuko dabe Eusko Jaurlaritzako Joxean Muñoz Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordeak, Mintzola Ahozko Lantegiko Andoni Egaña patronatukideak eta Unesco Etxeko Begoña Guzman Garapenerako Kultur teknikariak. Kultura-ondarearen alorrean politika barriak abian jarteari begira helburu garrantzitsua izan zan 2003ko Kultura Ondare Immateriala Babesteko Hitzarmena,  ukiezina dan ondarea babesteko eta jagoteko neurriak hartzeko pausua izan zana. Hori etxera ekarriz, bertsolaritzea ondare ez material izentetako aukeren inguruan hausnartuko da.

Ondoren, Ruth Finnegan eta Anthony Judge adituen txandea izango da. Finnegan Gizarte Zientzietako emeritus irakaslea da The Open Universityn (Erresuma Batua) eta ahozko literatura genero lez errekonozitua eta interpretatua izateko bultzada handia emondakoa da bera. Olerkiaren ezaugarrietatik abiatu eta bere ahozko alderdian jarriko dau arretea, horretarako batez be Afrikako eta Ingalaterrako literaturan topau daitekezan adibideak erakutsiz.

Judge nazinoarteko erakundeei, munduko arazoei eta estrategia globalei buruzko informazinoen kudeaketaz arduratzen dan Union of International Associations (UIA) erakundean egindako lanagaitik da batez be ezaguna. Egun, bere kabuz dabil ikertzen, giza garapena, gobernantzea, estrategia-politikagintzea, alkarrizketarako baliabideak, eta beste gai askoren inguruan; inprobisatzaileen lehiaren teknikak politikagintzarako dauen erabilgarritasuna be aztertu dau, besteak beste. Improvisation in multivocal poetic discourse izeneko berbaldian, inprobisatzaileak egiten dituuan hautuak jorratuko ditu, hizkuntza ereduei, metafora bidezko ereduen komunikazinoari eta horreen inplikazino paradoxikoei jagokenez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu