Bermeoko Alkartasuna Dantza Taldeak 40. urteurrena ospatuko dau astegoienean
2016-07-11 13:44 KultureaAlkartasuna Dantza taldeak aurten 40 urte beteko ditu eta urteurrena ospatzeko datorren zapatuan, hilaren 16an, urteko ekitaldian taldeko egungo eta lehengo jantzari eta musikariek parte hartuko dabe.
Bermeoko Alkartasuna Dantza taldeak aurten 40 urte beteko ditu eta urteurren biribila ospatzeko datorren zapatuan, garagarrilaren 16an, urteko ekitaldian taldeko egungo eta lehengo jantzari eta musikariek parte hartuko dabe. Izan be, ehundik gora jantzari eta musikari batuko dira Euskal Herriko jantzakaz eta kantuakaz gozetako aukera parebakoa eskainiko dauen ekitaldi honetan.
Ikuskizuna Artza frontoian izango da gaueko 22:00etan eta sarrerea dobanekoa. Idurre Bidegurenek, Bermeoko alkateak eta jantzari ohiak; Aingeru Astuik, Kultura zinegotziak; Gaizka San Pedrok, Alkartasuna Dantza Taldeko lehendakariak eta Olatz Telletxeak talde honetako kideak aurkeztu dabe gaur prentsaurrekoan jantza taldearen urteko ekitaldia.
Bermeoko Alkartasuna Taldeko lehendakariak adierazo dauenez, erakusketa honen helburua da herritarrek Euskal Herriko jantza desbardinak ezagutu ahal izatea, taldeak urtean zehar egindako lana erakustea, eta jantza ikuskizun honegaz danok ondo pasetea. Gainera, aurten, berezia izango da ekitaldia, gure 40. urtebetetzea ospatuko dogulako, eta horretarako 100 jantzari eta musikari baino gehiago batuko garelako. Guztiok, Gipuzkoako, Nafarroako, Bizkaiko eta Zuberoako jantzakaz osotutako ikuskizun polita eskainiko dogu, azpimarratu dau. Alkatea bera be Alkartasunako Dantza Taldeko kidea izan da urteetan eta ekitaldi honetan parte hartuko dau, gaineratu dau.
San Pedrok gogoratu dauenez, Bermeoko Alkartasuna Dantza Taldea 1976. urtean jaio zan. Institutuko ikasle batzuk sortu genduan taldea, Patxi Beitia, Bermeon lan egiten eban eibartarraren laguntzinoagaz, izan be, berak jantza gehiago ezagutzen zituan eta berak lagundu euskun eta berak erakutsi euskuzan hainbat jantza, azaldu dau.
Astuiren eta Bidegurenen esanetan, ordurik hona, 40 urte honeetan garrantzitsua izan da Bermeoko Alkartasuna Dantza Taldearen lana, izan be, herriko jai eta ekimen desbardinak bere jantza eta musikeagaz alaitu ditu eta gure herriko folklorea eta gure kulturea jagon eta zabaldu dau munduan zehar, ia Europa osoan eta Mexikon be egon baita Bermeoko Alkartasuna Dantza taldea hainbat jaialditan parte hartzen.
Urtero Nazinoarteko Folklore Jaialdia antolatzen dabe Bermeon eta hor mundu osoko jantza taldeak izaten dira herritarrei jantza eta musika desbardinen erakusketa zabala eskaintzeko. 2001ean, bermeotarrentzat hain garrantzitsua dan Hegaluze Saria jaso eban Bermeoko Alkartasuna Dantza Taldeak.
40 urte bete doguz eta hasierako ilusinoagaz jarraitzen dogu, horregaitik beste 40 eta askoz gehiago betetea espero dogu, azpimarratu dau Gaizka San Pedrok.
Azken buruan, Bidegurenek, Astuik, San Pedrok eta Telletxeak herritar guztiak konbidau ditue jai giro polita izango dauen ekitaldi honetan parte hartu deien datorren zapatuan, garagarrilaren 16an, Artza Frontoian, gaueko 22:00etan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!