Castillo Suarez: 'Gure paisajea da gure arma nagusia'

Koldo Isusi Zuazo 2016-07-11 08:31   Barriketan

HEA, Herriari Emon Arnasa kultura taldeak antolatuta, garagarrilaren 15, 16 eta 17an izango da aurten poesiari dedikautako XIII. jaialdia Ea herri bizkaitarrean. Gabriel Arestiren lana ezagutarazoteko asmoz hasi ziran Eako Poesia Egunak 2003an. Urte horretan Eako seme kutun izentau eben. Arestiren figureari lotutako jaialdia da Eakoa, abiapuntuan, behintzat. Baina bestelako proposamen eta askotariko autoreak be batzen ditu jaialdiak, izan be, tartean izaten dira musika-kontzertuak, berbaldiak, herri-bazkari eta afariak, eta, jakina, poesia-errezitaldiak.


1.- ...Eta paisaia hitz egin zen lemapean datoz aurtengo Poesia Egunak. Zer adierazo gura izan dozue?

Guretzako gauzarik gatxena izaten da lemea aukeratzea ze ekitaldiak danetarikoak izaten dira eta oso gatxa izaten da batasun bat topetea. Baina Eako Poesia Egunetan, beti mimo handiz lantzen dogu egitaraua eta ekitaldiak kalean egitea gustetan jaku; gure paisajea da gure arma nagusia, Ea herriak marko ezin hobea eskaintzen deusku eta, esangura horretan, aurten errazago izan dogu paisajearena leman islatzen.


2.- Euskal literaturako plaza ezagunenetako bat dogu Eako hitzordua. Urtetik urtera indarra hartzen joan dan jaialdia dogu ala igarri dozue gorabeherarik?

Aurten hamairugarern edizinoa ospatuko dogu eta igazko sensazinoa izan zan ez zala jente gehiago sartzen herrian; Ea oso herri txikia da eta muga handiak daukaguz ekitaldiak antolatzeko, kultur etxerik edo antzekorik ez dago, azpiegitura handirik ez daukagu herrian. Eta horixe sensazinoa izan genduan, egitarau oso pilatua izan genduan, ekitaldiak bata bestearen gainean eta aurten saiatu gara tarte bat ixten ekitaldien artean, jenteak astia eta aukerea izan daian lasai egoteko eta herriaz disfrutetako be. Halan da be, Eara etorteko gogoagaz egon diranak ez daitezela etxean geratu, danak hartuko doguz ondo.


3.- Gabriel Arestin Ean bizi izan zan eta poema ederrak idatzi zituan herrian. Idazlearen lana ezagutarazoteko asmoz hasi ziran Eako Poesia Egunak 2003an. Aresti beti dago gogoan ala beste idazle eta egoera eta genero batzuk be badagoz tartean?

Beti aitatzen dogu Aresti eta nik uste dot aurten lan hori Lutxo Egiari tokauko jakola, ze Inun abeslariagaz batera eskainiko dauen Hiri hori da hiri hau ikuskizunean (Hilaren 16an, 11:00etan, Eskolondoko liburutegian) Bilbo izango da ardatz eta literaturea izanik gure atxakia nahitaez agertuko da Aresti be.

Hortik gora, danetariko aukerak egongo dira beti be literatureagaz, musikeagaz eta sormenagaz lotuta; berbaldiak hiru izango dira: Lutxo Egiarenaz gan, Gure sorlekua fotogrametan, Euskal Herriak zineman izan dauen tokia azalduz, Josu Martinezek eta Iratxe Fresnedak emongo dabena (Hilaren 15ean, 20:00retan, Eskolondoko liburutegian); eta Elurre Iriarte baztandarrak Landa eremua literaturak kontatua izenburukoa eskainiko dau azken egunean, 11:00etan.


4.- Eako Poesia Egunak ez dira jardunaldi akademiko hutsak, izan be, alkartrukerako egunak izateko jaio ziran...

Holan da. Alkartrukerako giroa da Eako poesia Egunen indargune nagusietakoa, leku batetik bestera mobiduten garenez, bidean beste lagun batzuekaz batzen gara eta herri bazkarietan eta jente askok parte hartzen dau. Orduan, eguraldiak berak be laguntzen badau, giro ederra sortzen da herrian, hartu-emonetarako aukera ederra egoten da eta jenteak asko eskertzend au hori.


5.- Auzolanik barik ez zan Poesia Egunik izango ala lar esatea da hori?

Ez, ez. Auzolanik barik ezinezkoa izango zan hau guztia antolatzea. Hor bagagoz idazle koadrila bat egitaraua zehazten eta atontzen baina logistika lan handia dago, azpiegiturarik ez dagoanez, ekitaldiak herriko leku desbardinetan dira eta jente piloa behar da otorduetarako, aulkiak mobiduteko, megafoniarako eta beste zeregin batzuetarako; gu ekitaldi batean gagozan bitartean, herritar koadrila handia hor ibilten da hurrengoa atontzen. Sekulako lana egiten dabe.  


6.- Urtero Zaldiarri liburuxkea argitaratzen dozue. Ze barri dakar aurtengo edizinoak?

Aurten Alaitz Aizpururena izango da Erramun Landaren irudi bategaz batera; igaz berbaldi bat emon eban eta ohikoa dan legez, aurreko urteko berbaldi bat izaten da argitaratzen doguna eta aurten Zazpigarren Zaldiarri Alaitzen testuagaz horniduta egongo da. Gerra ondorengo poesiaz eta abar Poesia Egunetan zehar salgai egongo da eta hilaren 7tik aurrera webgunean be aukerea izango da deskargetako.


7.- Egitarau potoloa atontzen dozue urtero Ean baina aurten zer nabarmenduko zeunke?

Akaso, Baltza nazela dineure errezitaldia (16an, zapatuan, 17:30ean, Bedaronan) nabarmenduko neukizu, Eatik kanpora ez dabelako barriro aurkeztuko; emakume koadrila batek beren-beregi atondu dau lana Ean aurkezteko eta interesgarria izango dala pentsetan dot. Hor izango dira: Eider Rodriguez, Lorea Agirre, Anari, Idurre Eskisabel, Amagoia Gurrutxaga, Maialen Lujanbio, Ainara Lasa, Kattalin Miner, Jule Goikoetxea, Danele Sarriugarte eta Mursego. Ikuskizunaren oinarria da Angela Davisen emakumea, arraza eta klasea liburua.


8.- Kantaldiak, kontzertuak be izaten dira Ean. Arlo horretan, aurten zer topauko dau bisitariak?

Barikuan, 15ean, D'Capricho talde kubatarrak Andrkazkuba izenburuko kantaldia eskainiko dau (22:30ean, Eskolapen); zapatuan, 16an, Ardoa eta odola (Wino i crew) Celosamente Gordea ikuskizuna ekarriko deuskue Napoka Iriak eta Joseba B. Lenoir gitarristeak (20:30ean, Eskolondon); eta zapatuan baita be kontzertu bikotxa izango dogu, Mursego eta Kalakan taldeakaz (22:45ean, Eskolapen).

Ganerakoak poesia errezitaldiak izango dira, Arrotz eta eder, poemak eta prosak Pako Aristi eta Itziar Gomezen eskutik (16an, 13:00ean,Portusolon); 17an, domekan, Gaizki moldatzen dira Iñigo Astiz, Gari eta Oier Aldekoagaz (13:00ean, Moilan); azken buruan, domekan bertan, Babeserako kopia eskainiko deuskue Goizalde Landabasok, Galder Perezek eta Ane Zabalak (17:30ean, Natxituko bolatokian).


9.- Poesia Egunak ez eze, HEA, Herriari Emon Arnasa kultura taldeak makinatxu bat jarduera antolatzen ditu urte osoan. Zeintzuk?

HEAkoa ez banaz be, Poesia Egunetako programazinoaren ardurea izaten dot baina esango deutsut urte osoko jarduna daukala aitatu kultura taldeak. Sarritan, hilero edo herri mailako literatur solasaldiak antolatzen ditue eta oro har, euskereagaz eta euskal kulturearen eta literaturearen sustapenagaz lotutako ekitaldiak izaten dira.


10.- Landatarrak, Asun eta Erramun batez be, sano sartuta dagoz saltsa honetan...

Bai. Asun da Poesia egunetako arimea eta Erramunek egiten ditu urtero kartela, Poesia Egunetakoa eta Zaldiarri liburuxkearen diseinua. Baina asko dira landatarrak eta danak ibilten dira egun horreetan Ean.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu