Bilbao BBK Live Bereziak zikloak musikaz beteko dau uriaren erdigunea

Bizkaie! 2016-06-30 13:46   Musikea

León Benavente, McEnroe eta Nodozurdo taldeek dobako emonaldiak eskainiko ditue uriko hainbat txokotan.

Bilbao BBK Live jaialdiak Bereziak zikloaren programazinoa osotu dau. Ziklo horren bidez, jaialdia uriaren bihotzera hurreratzen da urtero, jaialdiaren giroa Kobetamenditik harago zabalduz. Dagoeneko iragarrita egoan legez, Bilboko Koral Alkarteak emonaldi bat eskainiko dau Campos Antzokian datorren martitzenean, garagarrilaren 5ean. Horrezaz gan, herritar guztiei zuzendutako jarduera eta kontzertu gehiago iragarri ditue, jaialdia egingo dan egunetan eskainiko diranak: garagarrilaren 7an, 8an eta 9an.

Lehengo eta behin, Bilbao BBK Live 2016 jaialdiari hasierea emoteko, garagarrilaren 7an, eguenean, kontzertu sorpresa bat iragarri dabe BBK Salaren parean (Kale Nagusia, 19), 13:30ean, azken  urteetan egin dan moduan. Barikuan, 8an, eta zapatuan, 9an, egunero lau talde izango dira Bilboko kaleak musikaz beteten. Zortzi talde horreetatik sei jaialdiaren kartelean barne hartu dira eta ganerako taldeek kontzertu akustiko bana eskainiko dabe.

Kontuak kontu, garagarrilaren 8an, herritarrek honako talde honeen kontzertuakaz gozetako aukerea izango dabe: Nudozurdo (Erribera), uda honetan jaialdiz jaialdi ibiliko diranak; John Berkhout (Arenalean), Bloo Away disko barria aurkeztuko dauen talde gipuzkoarra, eta Soleá Morente (Albia lorategian) flamenkoaren eta pop-rockaren fusinorik onena ekarriko dauena. Egun horretako kontzertu akustikoa Havoc-ek eskainiko dau Residence aretoan; indie-a gailenduko da, Morrissey eta New Order-en kutsuakaz.

Garagarrilaren 9an, McEnroe (Erribera) taldearen proposamen barriak entzuteko momentua helduko da, getxotarrek Rugen las flores azken LP-a aurkeztuko dabe. Era berean, León Benavente (Arenalean) egungo indie-talde handiaren eta Juventud Juché-ren (Albia lorategian) lanak entzuteko aukerea izango dogu. Santi Camposek, Amigos Imaginarios taldeko kide ohiak, kontzertu akustikoa eskainiko dau Singular tabernan.


Play 'n' Kids

Umeek be Bilbao BBK Live Bereziak zikloaz gozetako aukerea izango dabe, Play 'n' Kids-en laguntzinoaari esker. Zapatuan, garagarrilaren 9an, umeentzako animazinoa egongo da Arenalean: gynkanak, sariak eta tailerrak egongo dira. Ganera, piknik-gune bat eta agertoki bat jarriko dira. Agertoki horretatik pasauko dira Billy Boom Band rock-taldea, Futuramix DJa eta Lindy Hopa, bere swing ezagunagaz. Hori guztia antolatu da familia osoak jaialdiaren giro onenaz gozau daian.


DJak Marzana tabernaren terrazan

Bilbao BBK Live Bereziak zikloa Marzana tabernaren terrazatik be igaroko da. Bertan, uriko DJ mitikoek arratsaldeak girotzeko saioak eskainiko ditue garagarrilaren 7an, 8an eta 9an, 16:00etatik 21:00etara. Deu, Waseko abeslaria, eta Zarata DJ eguenean, garagarrilaren 7an, egongo dira Marzanan; Mimoloco eta Las Tea Party Fever-eko DJ enblematikoak, barriz, barikuan, garagarrilaren 8an, izango dira, eta Optigan DJ eta Mamba Beat Dj Set zapatuan, hilaren 9an, egongo dira Marzanan.


 
Bilbao BBK Live Bereziak

- Martitzena, garagarrilak 5: Heineken Bereziak: Bilboko Koral Alkarteak meets Bilbao BBK Live A2 2016. Campos Antzokian, 20:30etan. Prezioa: 10 eurotik 15 eurora.

- Eguena, garagarrilak 7: 13:30ean, Kontzertu sorpresa BBK Salaren kanpoaldean (Kale Nagusia, 19). Horrezaz gan, Heineken Bereziak: Marzana tabernan, 16:00etatik 21:00etara - Deu (Was) eta Zarata Dj.

- Barikua, garagarrilak 8: Nudozurdo, 12:00etan/Erriberan (Camparik eta Beefeaterrek eskainita). Horrezaz gan, Heineken Bereziak: John Berkhout, 13:00etan/Arenalean; Soleá Morente, 14:00etan/Albia lorategian; eta Dj Mimoloco eta Las Tea Party, Marzana tabernan, 16:00etatik 21:00etara.

Beste alde batetik, WineTour Bodegas Torres:Havoc (akustikoa), 13:00etan/ Residence aretoan.

- Zapatua, garagarrilak 9: McEnroe 12:00etan/Erriberan (Camparik eta Beefeaterrek eskainita). Heineken Bereziak: León Benavente, 13.00etan/Arenalean;
Juventud Juché, 14:00etan/Albia lorategian; eta Optigan Dj eta Mamba Beat Dj Set, Marzana tabernan, 16:00etatik 21:00etara.

Beste alde batetik, WineTour Bodegas Torres: Santi Campos (akustikoa), 13:00etan/ Singular tabernan.


Play 'n' Kids
 
Zapatuan, garagarrilaren 9an, Arenalean:

10:00etatik 20:00etara, etenbarik: Doraemonen Gynkana handia.
11:00etan, Lacturale gosari-tailerra/ 12:00etan, Billy Boom Band taldearen kontzertua/ 14:00etan, Dj session Futuramix/ 16:00etan, Lacturale askari-tailerra.
17:30ean, Baila LindyHop/ 18:30ean, DJ sesion Futuramix.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu