Film laburrak aire zabalean, Arabako Korterraza zikloan
2016-06-30 08:30 ZinemeaGaragarrilaren 1etik irailaren 3ra, Arabako 22 herritan egingo ditue proiekzinoak. Korterraza lehiaketara aurkeztutako lanik onenak ikusi ahal izango dira, doban.
Leku publikoetan izango dira saioak, aire zabalean, udako epeltasuna aprobetxauta. Zikloaren izenak be zinemea eta udako ohiturak batzen ditu: Korto eta terraza berbak batuta sortu da Korterraza. Kultura Kalean! alkarteak antolatzen dau jaialdia.
Guztira, Arabako 22 herritan egingo ditue proiekzinoak, garagarrilaren 1ean Laudion hasita. Herri bakotxak aukeratzen dau nahi dauen programazinoa, lau moltsoren artean: Sail ofiziala (sariak irabazteko hautagaiak), Mix (nahasketea), Korterraza Txiki (umeentzat) eta Korterraza Euskara (euskerazko filmak).
Honeetan herriotan antolatuko dira proiekzinoak: Laudio, Zanbrana, Okondo, Aramaio, Ondategi, Oroko santutegia, Dulantzi, Amurrio, Bernedo, Gesaltza-Añana, Legutio, Langraitz Oka, Izarra, Zurbao, Zuhatzu Koartango, Labastida, Komunioi, Fontetxa, Trebiñu, Artziniega, Burgelu eta Agurain. Herri batzuetan, egun baten baino gehiagotan egongo dira saioak.
Ganera, garagarrilaren 20tik 23ra, zikloa Gasteiz uriburura helduko da, Korterraza Gasteiz izenburupean. Lau egunez, proiekzinoak, kontzertuak eta DJ-en emonaldiak egongo dira. Filmak Artium museoko auditorioan emongo ditue eta jarduera osogarriak alboko plazatxuan izango dira.
Aurtengoa Korterraza lehiaketearen zazpigarren edizinoa da. Guztira, 600 film aurkeztu dira eta antolatzaileek hamar inguru aukeratu ditue sail bakotxerako. Epaimahai batek erabagiko dau Film Onenaren Alex Angulo Saria zeinentzat izango dan. 500 euro jasoko ditu lan horren egileak. Bigarren saria, Korterraza Txiki saria eta Korterraza Euskera saria be epaimahaiak aukeratuko ditu (bakotxak 250 euro). Publikoaren saria irabazten dauenari be 250 euro emongo deutsiez.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!