Siriako gerrea maitasunaren ikuspegitik lantzen dauen 'A Syrian love story filma ikusgai Hileko Dokumentala zikloaren barruan

Bizkaie! 2016-06-28 09:27   Zinemea

A Syrian love story filma eguen honetan, bagilaren 30ean emongo dabe Bilboko Multicine 7. aretoan  (Jose Maria Escuza, 13) arratsaldeko 20:00etan, ingeleseko, arabierazko eta frantseseko jatorrizko bersinoan, gaztelaniazko azpi-tituluakaz.

Hileko Dokumentala, Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazinoarteko Jaialdiak, ZINEBIk, urte osoan zehar bere programazinoari jarraipena emoteko antolatu dauen estreinaldien zikloak, Sean McAllister zinemagileak zuzendutako A Syrian love story (Erresuma Batua, 2015. 76´) filma eskainiko dau eguen honetan, bagilaren 30ean. Dokumental txalotuaren gidoia be zuzendariak berak idatzi dau. Siriako gerra zibila bikote baten maitasunezko eta familiako hartu-emon personalen ikuspuntutik lantzen dau, oso giro eta inguru gorabeheratsua dauen maitasun hartu-emonen erretratua da.

Ohikoa danez, emonaldia Bilboko Multicine 7. aretoan izango da (Jose Maria Escuza, 13) arratsaldeko 20:00etan, ingeleseko, arabierazko eta frantseseko jatorrizko bersinoan, gaztelaniazko azpi-tituluakaz. Sarrereak 3,70 euroko prezioa izango dau.  

2011n, Sirian eztanda egin eban Udabarri Arabiarrak, gaur egun be lehen eguneko krudeltasun berberagaz jarraitzen dauen gerra zibil gorabeheratsua ekarri eban. Gatazka horrek biztanleria zibilaren exodo handia eragin dau, munduko beste herrialde batzuetan babeslekua bilatzeko. A Syrian love story lanak hartu-emon personalen ikuspuntutik aztertzen dau prozesu hori. Amer eta Raghda, filmaren protagonistak, orain 20 urte baino gehiago ezagutu ziran kartzelan. Biak  askatasunaren alde burrukan ebilzan aktibistak ziran. Maitemindu eta libre geratu ziranean familia osotu eben.

2009an, Raghda barriro atxilotu eben, arrazoi politikoakaitik eta, eta Amerrek bakarrik zaindu behar izan zituan 4 seme-alabak. Momentu horretan hasi zan Sean McAllisterren lana. Gau batean, taberna batean, ezagutu eban Amer, eta familiaren etxera joan eta bertako beste kide bat bilakatu zan.

Ia urtebete igaro ondoren, Raghda libre geratu zan, baina hortxe momentuan Udazken Arabiarrek eztanda egin eben, eta Bashar al – Ásaden polizia sekretuak eta armadeak indartu egin eban disidenteen kontrako errepresinoa. Sirian tensinoa zan nagusi eta Raghdak dilema bat eukan, erreboltakaz jarraitzea edo kartzelan hainbeste denpora pasau ondoren bere familia jagotea.

Historia hori bost urtez jarraitu eban zuzendariak eta berak be sufridu eban Siriako erregimenaren jazarpena, eta bere lanean sekulako hurrekotasunez kontetan ditu gerreak eta erbesteak markautako protagonisten sentimenduak eta sufrimendu personala. Libanon hasieran eta Frantzian ondoren zorionaren bilaketan amore emon ez daben protagonisten historia.

Sean McAllister ezaguna da bere filmak oso zintzoak eta zuzenak diralako, eta intimidade handiz erakusten dau gatazka politikoetan eta personaletan harrapatuta bizirik irauteko burrukatzen dan jente xumearen bizitzea. The Liberace Of Baghdad lanak Sundanceko Epaimahaiaren Saria jaso eban, eta A Syrian love story filma Sheffieldeko azken zinemaldiaren irabazlea izan zan, Epaimahaiaren Sari Nagusia lortuz.

Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazinoarteko Jaialdiak, ZINEBIk, jarraipena emoten deutso urte osoko programazinoari Hileko Dokumentala izeneko zikloaren bidez. Ekimen horren bitartez, generoaren zaletuek, nazinoarteko beste jaialdi batzuetan sariak irabazi dituen edo aukeratuak izan diran arren, merkataritza zirkuituan ia banaketarik izan ez daben lanez gozetako aukerea izaten dabe. Esangura horretan, Parallel40 banaketa-etxearen eskutik, Multicine aretoek, zientziari, ekonomiari edo gizarteari buruzko erabateko gaurkotasuneko gaiak lantzen dituen dokumentalak estreinetan ditue.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu