Santutxuko Solte taldeak 'Ixa' disko barria aurkeztu dau

Bizkaie! 2016-06-27 12:30   Musikea

Ixa diskoa Bilboko The Rock Studios-en grabau, nahastau eta masterizautako lana da, Urtzi Arrieta eta Carlos Creator teknikarien eskutik.

Pasa dan zapatuan, aurkezpen kontzertu berezia egin eban Solte taldeak Santutxuko KRML Bizirik! gunean. Hamar urte bete barri ditu hardcore-rock estiloa jorratzen dauen talde santutxuarrak eta lan honetan musikari eta artista konbidadu ugarik parte hartu dabe: Ines Osinaga (Gose), Gorka Armendariz (Lehiotikan), Aitor DJ Kanaky (Norte Apache) eta Oihana Bartra bertsolaria, besteak beste.

Ixa Santutxuko boskotearen lan barri honetara bederatzi kantu batu ditue. Bertan, aurreko diskoetan legez (Distantzia Nahikoa! eta EroAlea), erritmo biziak topauko doguz, hardcorea beste estilo musikalakaz (rock, metal...) nahastauta eta errealidadea, bizipenak eta injustiziak salatzeko euskeraz abesturiko letrak.



Gorputzaren barru-barruraino sartzen diran gitarra riff-ak, bateria kolpe zuzenak, amorruz astinduriko baxu hariak eta ahots indartsu zein berezkoak batzen ditu Solte taldearen disko barriak. Kantu sendoak, desbardinak euren artean; abesti baten barruan be, estilo musikal desbardinen nahasketea topau daiteke diskoa entzukeran. Zuzenekoetan izerdia lehen minututik botaten dauen talde horreetakoa da Solte, eta gogo, indar zein ilusino hori da estudiora eroan dabena azken lan honetan.

Diskoaren izenburutzat Ixa aukeratu dabe taldeak aurten hamar urte beteten ditualako eta horregaitik zenbaki hori adierazoten dauen letrea, X, hain zuzen be.
 
Euskal panorama kulturaleko zenbait personen laguntzinoa izan dabe lan barri hau gauzatzeko: Oihana Bartra bertsolaria Arratoiek katuak jan kantuaren berbak idazteaz arduratu da. Bestetik, euren ahotsak sartu ditue Leihotikan taldeko Gorka Armendariz eta Goseko Ines Osinagak Amets karratuak eta Zurrunbilo triangeluarra kantuetan. Norte Apache taldeko Aitor, DJ Kanaky be, estudiora hurreratu eta platerakaz Auto-Mute kantuan parte hartu dau.

Diskoaren diseinuen egilea, Unai Bergara (lubakigrafik.com) izan da eta argazkietaz Kanttuenea Ekintzakeko lan taldea arduratu da. Diskoa autoprodukzinoa izan da. Creative Commons lizentzia libreagaz argitaraturikoa Taupaka alkartearen zigilupean.


Solte taldearen ibilbidea: autoprodukzinoan oinarritutako musika proiektua

Santutxutik datorren taldea dogu Solte. Bertan hasi ziran proiektu hau garatzen 2006. urtean. Aurten, 10. urteurrena ospatzen dabe disko barri bat kaleratuz. Makinaria ez da geratu sortu zanetik eta lan barriak zein kontzertu piloa eskaintzen jarraitzen dau baita Euskal Herritik kanpo be. Hardcorea beste estilo batzuekaz (rocka, metala...) nahastetan maisu dira Haritz Txipi ahotsean, Aritza baterian, Jon Tolo gitarra eta koroetan, Aingeru Cardaño gitarran eta Oskar Txitxo baxuan eta koroetan.

Hasieran kontzertuak eskaintzen hasi ziran ezelako grabazinorik eskuartean izan barik, eta publikoaren interesari esker, 2011. urtean lehen estudio-lan luzea grabau eta kaleratzeko erabagia hartu eben, hamabi kantuz osotutako Distantzia nahikoa! izenburuko diskoa kaleratuz MusikHerria diskoetxeagaz. Bertan, zenbait musikariren kolaborazinoa izan eben, besteak beste, J.Sang (Ekon/Governors), Jon eta DJ Alf (MAK), Iñaki (Nuuk-At) etab.

2012ko udea amaituta, lan berezi edo diferente bat grabetako asmoagaz sartu ziran estudioan, lau kantu barri, bideoklip bat eta ezustekoren bat ezkutatzen eban EroAlea lana kaleratzeko Taupaka alkartearen zigilupean.

Orain, barriz, 2016. urtean eta taldeak hamar urte bete dituanean, Ixa deitutako lan barri eta indartsua aurkeztu dabe. Izerdi, gogo eta mimoz egindako lana. Bilboko The Rock Studios-en grabau, nahastau eta masterizautako lana, Urtzi Arrieta eta Carlos Creator teknikarien eskutik.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu