XI. Haizetara, banda eta kale musikearen jaialdian nazinoarteko hamar taldek parte hartuko dabe

Bizkaie! 2016-06-21 13:40   Musikea

XI. Haizetara bagilaren 24tik 26ra izango da, nazinoarteko kaleko musikearen arloan jaialdirik sendoenetakoa. 

Haizetara banden eta kale musikearen jaialdiak aurten banda bat gehiago izango dau lehiaketan, danetara, hamar izango dira. Azken urteotan herrira jentetzea hurreratzen dala ikusita, antolatzaileek parte-hartzaile kopurua handitzea erabagi dabe. Ordutegiak be aldatu egingo dira apur bat bertaratzen diranek kontzertu gehiagotara joateko aukerea izan deien.

Jaialdiak lehiaketa bat dau oinarri. Parte-hartzaile guztiek banda onenari emoten jakon sariagaitik lehiatzen dira (10.000 €), baita instrumentista onenari emoten jakon sariagaitik (1.000 €) be. Okasinorakoizentautako epaimahai espezializatu batek emoten ditu sariok eta publikoaren saria, 4.000 euro, herritarren botoakaz aukeratzen da.


Gastronomia guneak

Musikaz gan, gastronomia be jaialdi honetako protagonista izaten da. Gastronomiak lau gune izango ditu:

- Sagardaotegia. Zelaieta parkean Uxarte herriko sagardaotegiak jarriko dau, ohiko eskaintzeagaz. Amorebieta-Etxanon egindako sagardaoa, sardinak, txingarretan egindako saiheskia…

- Garagardaotegia. Zubiondo plazan jarriko da Alemaniako garagardaotegietan egoten diran ohiko produktuakaz: ukondoa, okela pastela, saltxitxak eta, zelan ez, garagardaoa.

- Tabernea. Gernika plazan euskal taberna bat jarriko da, baserriko produktuakaz: taloa txorizoagaz, piperrak...

- Txosnea. Ohiko txosna bat be egongo da janari eta edari eskaintza zabalagaz. Zornotza Saskibaloi Taldeak jarriko dau Herriko Plazan.  

Lehiaketan parte hartuko daben bandak lau gune horreetatik igaroko dira, giro ederra sortuz. Hain zuzen be Haizetara jaialdiaren ezaugarri bat da hori, kalean eta kaleaz gozetea.  



Parte-hartzaileak


- Farra Fanfarra (Portugal). Musikari eta animatzaile portugaldarren taldea da, euforia kolektiboan eta energia positiboen transmisinoan espezialidade maila altukoa, musika akustikoa eta haize eta perkusino musika-tresnen boterea erabilita horretarako.  Erritmoaren indarra eta zirku saio bariatuak buztartzen ditue.

- Builders Brass Colective (Madril). Musikari talde honen eraginez, oinak ezingo dira geldirik lotu, New Orleasneko second linetik abiatu eta hip hopera, funkera edo dub stepera helduz. Bizilekua Madrilen daben musikari gazte talde batek osotuta dago bandea, eta esperientzia zabala dabe nazino eta nazinoarte mailako eszenatokietan. Irratiko klasiko handien bersinoak eta euren doinuak, giro bikainagaz nahastauta, horixe da Builders Brass Colective, musikearen langile-taldea,.

- The Farra Marching Band (Euskadi). Bertokoak, Vitoria-Gasteizkoak. Bost musikarik osotzen daben talde honek jazz, dixieland, marching band, funk eta bestelako erritmoen errepertorio anitza eskaintzen dau. Klasiko handien bersinoak eta, horreekaz batera, jatorrizko errepertorioa eskarmentu handiko musikarien eskutik. Kaleko musikea, etenbarik jantzan jarduteko, benetako brass bandea, talde txikien eragingarritasunagaz, baina banda handien potentzia eta energiagaz be bai.

- Brass Street Boys (Mexico Uria). Jazz soinua, funk zaporea eta elektro usaina ditu Brass Street Boys taldeak. Mexiko Uritik jatozkuz, eta fanfare edo fanfare festive izenez ezagunak diran brass kale-banden musikeagazko interesak batu zituan talde lez.

- Camillocromo swing orchestra (Italia). Toskanako boskote hau Haizetara jaialdiaren bigarren edizinoan be geugaz izan zan. Florentziako talde bitxia eta nabarmena da, swing eta zirku soinuak dakarzana, eta muga egonkorrik bako sormena bikain zabaltzen dakiana. Orkestra dotorea, ikusleak magia eta fantasiazko mundura daroazana.

- Balcony Players (Holanda, Belgika, AEB). Energia handiko folka dakarren taldea. Gipsy musika tradizionalaren, juduen musikearen eta mundu guztiko folkaren nahastea, soinu berezi eta koloristEa sortzeko.

- The Busquitos (Holanda). Holandako jazz laukote bikaina, ikusleakazko alkarreragina lantzen dauena eta benetako jazza entzun eta gozarazoteko kapaz dana, baita mueta horretako musikea entzuteko ohiturarik ez dabenei be.

- Band of streets (Hungaria). Retro diskoaren musika eraginaz eta Brass bandetarako eta megafonorako orkestrautako popeko hit handiakaz, 2011n sortu zan banda hau Hungariaren hegoaldean. 90eko hamarkadako doinu arrakastatsuek, klubetako abestiek, 7 haize-instrumentu eta 2 perkusinorako egokituek, osotzen dabe taldearen errepertorioa.

- El Fecha Negra (Alemania). 2014an, Alemanian sortutako kultura anitzeko bandea da El Flecha negra (Txile, Peru, Alemania...). Cumbia, reggaea eta Swing rancherearen arteko jolasa da euren musikea. Irudimenezko personaia da El Flecha Negra, abestien bidez bizidun gerta daitekeena.

- Los Boozan Dukes (Catalunya). Ez dira swing jotera mugatzen, eta estilo nahasketea dabe oinarrian. Bartzelonan dabe bizilekua, nahiz eta hainbat nazinotako kideek osotua dan taldea.


Haizetara

Haizetara orain hamar urte jaio zan Amorebieta-Etxanoko Udalaren eskutik eta San Juan inguruko asteburu batean ospatzen da. Herriko artxibo historikoetan jasoten dan lez, San Juanetan musikea kalean bizi-bizi egoten zan. Jaialdi honetan Udalak XX. mende hasieran musikea San Juan suagaz lotzen eban jai-giroa berreskuratu nahi dau. Honek berebiziko garrantzia izan eban batez be 1913. urte inguruan.

Herrikoak eta eskualde guztikoak erakarri nahi ditu Haizetara jaialdiak. Musikearen arloan dabilzanei be zuzenduta dago, jaialdiaren bidez munduko beste leku batzuetan kaleko musika taldeek zer egiten daben ezagutzeko eta azken jokerak eta jokera barritzaileak ezagutu deiezan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu