Espresionismo Abstraktuaren inguruko erakusketa handia dakar Guggenheimek 2017rako

Bizkaie! 2016-06-21 09:08   Kulturea

Datorren urterako asmoak aurreratu ditu Bilboko Guggenheim Museoan, Patronatuaren Batzar Nagusian. Azken mende erdiko Espresionismo Abstraktuaren maisuen ganeko erakusketa handi bat preparetan dabilz. Ganera, 19. mendearen amaierako Parisko abangoardiek, Pello Irazuren atzera begirakoak eta abarrek be lekua izango dabe.

Jackson Pollock, 'Male and female' (argazkiak: Guggenheim Bilbao Museoa) | Ikusi handiago | Argazki originala

Londresko Royal Academy of Arts-egaz alkarlanean antolatuko dau Guggenheimek Espresionismo Abstraktuaren ganeko erakusketea. Joan diran 50 urteotan estilo horrek izandako bilakaerea aztertuko dabe, ospe handiko artisten lanen bidez. Pollock, De Kooning, Rothko eta Still-en obrak Bilbora ekarteko asmoa dago.

Beste alde batetik, 2017an, 19. mendearen amaieran sortutako abangoardien inguruko erakusketea be egongo da Guggenheimen, batez be neoinpresionisten eta sinbolisten mobimentuan arretea ipinita: Signac, Redon, Bonnard eta abar.

Pello Irazu euskal artistearen atzera begirakoan, ostera, eskulturearen, argazkiaren eta pinturearen bidez errepasauko dabe gipuzkoarraren ibilbidea. Anni Albersek oihalen arteari egindako ekarpena izango da beste erakusketa bateko ardatza eta Bill Violak bideogintzan zabaldutako bidea be ikusi ahal izango da 2017an. George Baselitz-en Heroiak seriea be ekarriko dabe Bilbora.

Guggenheim Museoaren Patronatuko kideek egindako batzarrean aurreratu ditue 2017ko asmoak. Bertan, 2015eko emoitzak aurkeztu eta onartu dira eta 2016ko datu batzuk be jakitera emon ditue museoko arduradunek. Urteko lehenengo bost hileetan, esaterako, % 7 egin dau gora bisitari kopuruak, igazko epe beragaz alderatuta. Andy Warholen, Louise Bourgeoisen eta Parisko Eskolakoen artelanak batera ikusi leitekez Guggenheimen eta horrek bisitari asko erakarri dituala dinoe museoko arduradunek.

Datorren urtean 20 urte beteko dira Bilboko Guggenheim Museoa zabaldu zala. Urteurrena ospatzeko ekitaldien nondik norakoak adosten hasi dira Patronatuaren batzarrean. Era berean, 2015-2017 Plan Estrategikoko ekimen batzuk aztertu ditue.

 

Pello Irazu, 'La tierra que duerme'

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu