Euskaltegiek bat egin dabe Euskerearen Txantxangorriagaz

Bizkaie! 2016-06-17 07:25   Euskerea berbagai

Euskaltegiek eta barnetegiek udarako eskaintza zabala daukie eta Donostian egindako agerraldi baten emon dabe horren barri. Bertan, Euskerearen Txantxangorriagaz bat egin dabe.

Udea euskerea ikasteko une aproposa dala nabarmendu dabe euskaltegietako arduradunek. Normalean 5.000 ikasle inguru izaten dira uda sasoian eta aurten kopuru hori gainditzeko asmoa daukiela adierazo dabe. IKA, AEK, Elkarlan, Batuz eta udal euskaltegietako ordezkariak batu dira Miramon jauregiko ekitaldian, baita Zornotza eta Maizpide barnetegietakoak be.

Euskerea erabilteko deia zabaltzen dau Txantxangorriak. Dei hori gero eta zabalduagoo dago, oraingoan euskaltegiak eta barnetegiak batu dira kanpainara. Alkarri hegoak emon nahi deutsaguz, adierazo dau Patxi Baztarrika Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordeak, euskaltegien bidez hiztun barriak lortzea, azken finean, euskereari hegoak emotea da.

AEK-ko Mertxe Mujikak, beste alde batetik, azpimarratu dau euskerearen aldeko edozein ekimen babesteko prest dagozala. Erakundeen arteko alkarlanaren garrantzia aitatu dau Mujikak. Izan be, HAKOBAk bultzatzen dau Euskerearen Txantxangorria, Jaurlaritzea, aldundiak eta udalak batzen dituan erakundea.

Ganera, ekitaldian, Euskerearen Txantxangorriaren abestia aurkeztu dabe, Urbil Artolak, Gorka Sarriegik eta Dani Venegasek sortua. Udea gozamenagaz eta alaitasunagaz lotzen da eta horregaitik uste dabe une aproposa dala kantea aurkezteko. Euskerea be, ondo paseteagaz lotu nahi dabe. Hemen entzun leiteke abestia.

Eskaintza zabal eta askotarikoari esker, euskerea ikasteko modu asko dagoz aurtengo udan. Euskaltegi eta barnetegietako ordezkariek nabarmendu dabenez, ikasturtean zehar dagoan eskaintza guztia udan be badago: Ikastaro trinkoak, laburrak, barnetegietan egonaldiak eta abar. Ganera, udea sasoi egokia izan leiteke familia giroko barnetegietan parte hartzeko. Barnetegi ibiltarietan, bestetik, txangoak egiteaz batera ikasiko edo hobetuko dabe euskerea izena emoten dabenek.

Euskerea ikasten ibilitako persona ezagun batzuek euren esperientziaren barri emon dabe. Dani Alvarez irrati-esatariak adierazo dauenez, euskeraz bizi izatera heldu nahi dau eta pozik dabil euskalduntzen. Athleticeko Amaia Olabarrietak dino, bera euskaldun zaharra izanik, idazten hobeto ikasteko jo ebala euskaltegira eta Errealeko Leyre Fernandezek, ostera, ulertzen dauela azaldu dau, baina berba egiten ikasi nahi dauela.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu