Aiko taldeak Dantzazale Eguna ospatuko dau domekan Urkiolan

Bizkaie! 2016-06-16 08:46   Kulturea

Dantzaldi Ibiltariaren ikasturteko azkenengo saioa Urkiolan egingo dau Aiko taldeak, ospakizun giroan. Bagilaren 19an izango da jaia, San Antonio egunaren errepetizinoagaz bat eginaz.

Parte hartzeko deia egin deutse Aiko taldeak herritar guztiei, Dantzazale Eguna jai edegia izango dalako. Erromeria tradizionalaren zapore guztia Urkiolara eroango dabela ziurtatu dabe Aikokoek eta ondo pasetako eguna izango dala.

Dantzaldi Ibltariaren aurtengo ikasturteari urrezko amaierea emoteko aprobetxauko dabe domekako jaia. Modu natural eta dibertigarrian jantzan egiten erakutsi deutsie 2.000 persona ingururi, hainbat herritan egin diran saioen bidez. Aiko taldeko musikariak eta jantzariak arduratzen dira saio guztiak gidatu eta dinamizeteaz.

Domekan, hilak 19, San Antonio egunaren errepetizinoa egingo dabe Urkiolan, santutegiaren inguruan. Ospakizun horregaz bat egingo dau, beraz, Dantzazale Egunak. Taberna Ibiltaria eta Bizkaiko Gaiteroak arduratuko dira giroa alaitzeaz, Aikoko kideakaz batera.

Eguerdiko 13:00etan hasiko da jaia, Abadiñoko Udalaren eta Vasco de Camping taldearen laguntzinoagaz antolatutako soka-jantza bereziagaz. Ondoren, Aiko taldeak hartuko dau lekukoa. Jantzarako erritmo ezagunak joko ditue eta jentea animauko dabe jantzan egitera. Era berean, abesti herrikoiak kantauko ditue.

Bazkalostean, barriro jantzara joko dabe parte-hartzaileek: Jotak, jauziak, mazukak, balsak eta abar izango dira protagonista. Bizkaiko Gaiteroek 18:00etan egingo daben emonaldiak biribilduko dau jaia.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu